Arditurri Eguna ospatuko da igandean

Meategira doako bisitak, fosilen tailerra, hegazti askatzea, jan-edari zerbitzua…, denetarik izango da aurten ere.

Urtero bezala, Arditurri eguna antolatu dute Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoakoako Parketxe Sarea fundazioak. Igandean izango da, uztailak 13, jarduerak goizeko 10:30ean hasiko dira.

Eguerdiko 14:00ak arte, doako bisitak izango dira Arditurriko meategi nagusira. Baina ez hori bakarrik, urtean behin edo birritan baino irekitzen ez den Arditurri-3 erromatar garaiko meatze galeriara sartzeko aukera izango baitute bertaratzen direnek (14 urtez gorakoek bakarrik). Meategitara sartzeko ez da aurre-erreserbarik egingo: sarrerak egunean bertan banatuko dira (plaza mugatuak daude).

Beste hainbat ekintza

11:00etatik aurrera jolasak eta tailerrak izango dira Abaraxka ludotekaren eskutik gazteenentzat. Ordu berean Luberri-k antolaturiko fosilen tailerra egongo da adin guztikoentzat.

Goizeko 11:30ean euskal makila (borroka) jokoaren erakustaldia izango da ondare hori gordetzeaz eta berreskuratzeaz arduratzen ari den Oiartzungo elkarteak eskainita.

12:15ean hegazti askatzea izango da, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basabizi zentroan fauna jasotzeko, sendatzeko eta berreskuratzeko egiten den lana ezagutzera emango da, baita zenbait hegazti bertatik bertara ikusteko aukera ere.

Goiz osoan zehar jan-edari zerbitzua egongo da eta, baita zuzeneko musika ere.

Antolatzaileek herritarrak oinez edo bizikletan joatera animatu dituzte, eta bizikletak uzteko toki egokia prestatu dutela zehaztu dute.

Informazio gehiago izateko: 943494248 / 688895068 / arditurri@gipuzkoanatura.eus.

Gehigarriak

Arditurri Eguna ospatuko da igandean