Uda honetan etor zaitez Tren Berdean Arditurrira!

Aurten ere uztaila eta abuztuan trena eta meazuloko sarrera prezio berezian eskainiko dira.

Udan Oiartzungo paraje naturaletan murgiltzeko plan ezin hobea proposatu nahi dizuegu: Arditurriko Meatze gunera Tren Berdean joateko aukera prezio murriztuan, uztaila eta abuztuko asteazkenetan. Bi irteera-txanda eskainiko ditu trenak asteazkenero.

Familian egiteko plan ezin hobea dugu hau, izan ere, adin tarte guztientzat egokia baita. Haurrek, gaztetxoek zein helduek Oiartzungo naturaz, baserri-auzoez eta meatze-aztarnez gozatzeko aukera bikaina izango dute.

Tren Berdea Elizaldetik abiatuko da, Doneztebe plazatik. Paisaia zoragarriez gozaraziko digun 45 minutu inguruko ibilbide atsegin bat egingo du Oiartzungo naturgunean murgilduz. Oiartzun ibaiari jarraituz eta Aiako Harria aurrean dugula, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraiatzeko trenbide zaharra, egun Bide Berdea dena, bidelagun izango dugu. Azken zatian, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta  Arditurriko meatze gunean amaituko da bidaia.

Behin Arditurrira iritsita, kaskoak jantzi eta meazuloan sartzea da plana. 180 metroko pasabidean barneratuz, iluminazio eta soinu jokoek giro magikoa sortuko dute eta gida baten eskutik bertako historia eta garai ezberdinetako aztarnak azalduko dira.

Esperientzia ahaztezin hau borobiltzeko, trenean itzuliko gara Doneztebe plazara, irteera-puntura. 

Beharrezkoa da sarrera aldez aurretik erreserbatzea. Horretarako, uztaila eta abuztuan egunero zabalik izango den Oiartzungo turismo bulegora jo dezakezue (aurten ere turismo bulegoa Arizmendienea etxean kokatuko da): Aialde, 4. 943 508 913 / turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus.

Ordutegiak:

Irteerak Oiartzungo Doneztebe plazatik, 10:00etan eta 11:15ean.

Prezioa Trena eta Arditurri :

  • 12-64 urtekoek:  10 €
  • 5-12 urte artekoek, 65 urtetik gorakoek edo 10 lagun baino gehiagoko taldeek: 8 €
  • 1-4 urte arteko haurrek: 3 €

Gehigarriak

Uda honetan etor zaitez Tren Berdean Arditurrira!