Kontxa Murgia omenduko dute Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelaok aste honetan

Poesia errezitaldia eta lore-eskaintza izango dira

Kontxa Murgia zena gogora ekarri eta omentzeko indarrak batuko dituzte aurten ere Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelao, Trintxerpeko galiziarren elkarteak. Euskal Herria eta Galizia lotzen dituen figura historiko honi esker bi herrialdeen arteko adiskidetasuna sustatu nahi da. Izan ere, Kontxa Murgia oiartzuarra Galiziako Rexurdimento-ko figura garrantzitsuenetako baten ama izan zen: Manuel Martinez Murgiarena. 

Kontxa Murgia 1807ko otsailaren 29an jaio zen. Gaur egungo Manuel Lekuona biblioteka izandakoa orduan organistaren etxea ere bazen, eta hain zuzen, Domingo Murgia Azkonobieta organistaren eta Maria Phelipa Egaña Lizasoren alaba gazteena izan zen Kontxa Murgia. Bederatzi seme-alabetako lau gure herrian jaio ziren. Kontxa haur zela joan zen familia Tolosara bizitzera aitak hango organista plaza lortu zuelako, eta ondoren, arrazoi politikoengatik (liberalak ziren), aita-alabek Galiziara jo zuten 1823an, armada frantsesaren San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioaren ondoren. 

1833an jaio zen Manuel Martinez Murgia, Kontxaren seme zaharrena, gerora Galiziako abertzaletasunaren aintzindaria izan zena; Academia Galegaren sortzaile eta lehenengo presidentea (gure Euskaltzaindiaren parekoa), eta Rosalia de Castro poeta ezagunaren senarra.

EGITARAUA:

Otsailak 11, ostirala: Poema errezitaldi musikatua euskaraz eta galegoz (udaletxeko areto nagusian, 19:00).

Irakurleak: Xose Estevez eta Antton Kazabon.

Musikariak: Haizea Lekuona, Oihane Mitxelena eta Edurne Saizar.

Otsailak 12, larunbata: Omenaldia Kontxa Murgiaren jaiotetxean (Manuel Lekuona bibliotekan, 12:00).

Gehigarriak

Kontxa Murgia omenduko dute Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelaok aste  honetan