Elorrondo eta Tronpeoko maldaren norantza aldaketak azaldu ditu Udalak

Trafiko arazoak konpondu eta oinezkoen segurtasuna hobetzea dira helburuak

Uda honetan, Oiartzungo Udala Elorrondo eta Santusene kaleak berritzen hasi da. Inguru horretako obrak ez dira asfaltatze lanak bakarrik izan, mugikortasunari ere eragiten diotenak, baizik.

Udalak udalerrian mugikortasun jasangarrirako irizpideak zehaztuak ditu: lehentasuna oinezkoek dute eta hauen segurtasuna bermatzea da oinarria. Irizpide honi jarraituz, besteak beste, herrian espaloiak egokitzen, bidegorria mantentzen eta auzo gehiagotara zabaltzen jarraitzen dugu. Elorrondo eta Santusene bideetako berrantolaketan ere irizpide horiek aintzat hartu dira.

Elorrondoko trafiko arazoak, konponbide beharrean

Irizpide horiez gain, Elorrondo eremuan sortzen ziren trafiko arazoak konpontzeko ere neurriak hartu nahi izan dira. Elorrondo kalea bi norantzakoa izanik, trafiko arazo larriak gertatzen ziren: Xorrola autobus publikoa pasatzeko zailtasunak, ikastetxeetako autobusek zailtasunak, oinezkoek... Ondorioz, Elorrondo kalea norabide bakarrekoa izatea erabaki da (Xorrolaren ibilbidea errespetatzen duen norantzan).

Makutso bidea (Tronpeoko malda) ere oso bide estua da eta, maiz, oinezkoentzako bidea ez zen errespetatzen. Behin baino gehiagotan egoera oso arriskutsuak bizi izan dituzte oinezkoek, tartean haurrek, eta kezka horiek behin baino gehiagotan helarazi izan dituzte Udalera. Bide estua izanik, eta oinezkoei sortzen zitzaien segurtasun eza hobetzeko, norantza bakarreko izendatu da malda. 

Aldaketa hauek, hala ere eta bandoan azaldu bezala, baloratu egingo dira eta hobekuntzak proposatu eta lantzeko aukera izango da.

Oinezkoen segurtasuna, lehentasunezkoa

Udalak argi du Iturriotz auzotik Elizaldera doazen oinezkoen segurtasuna bermatzea lehentasunezkoa dela. Bestetik, Udalak azaldu nahi du oraindik Elorrondoko eta Santuseneko lanak bukatu gabe daudela. Ibilgailuen abiadura murrizteko trabak jarriko dira epe motzean, eremu horretan ikastetxeetako eta eskolaz kanpoko ekintzen ibiltzen diren haurren segurtasuna indartzeko, besteak beste.

Herrigunean ibiltzeak segurua izan behar du, eta horretarako, oinezkoa babestu behar da, garraio publiko zerbitzua eskainiz. Aldiz, ibilgailu pribatuen erabilerak ezin du izan herri barruko mugikortasun arauak ezarriko dituena.

Iaz mugikortasun diagnostikoa martxan jarri zuen Udalak eta diagnostiko horretan zehaztutakotik etorriko dira etorkizuneko ekintzak eta planak ere. 

Gehigarriak

Elorrondo eta Tronpeoko maldaren norantza aldaketak azaldu ditu Udalak