Ibargain Musika Eskolan dohainik ikasi ahal izango dute 8 urte arteko ikasleek, Udalaren laguntzari esker

Herrian erroldatuta dauden edo Oiartzunen ikasten duten ikasleek ere laguntza jasoko dute

Herriko haurrei musika ikasteko erraztasunak eman asmoz, zortzi urte arteko ikasle berriek Ibargain Musika Eskolan dohainik ikasteko aukera izango dute 2021/2022 ikasturtean, Udalaren laguntzarekin.

Oiartzungo Udalaren eta Ibargain Musika Eskolaren arteko lankidetza aspaldikoa da. Orain arte ere Ibargain Musika Eskolako ikasle oiartzuarrek musika hezkuntza jaso dezaten lagundu du Udalak. Hori dela eta, aurten ere kuota bereziak izango dituzte Oiartzunen erroldatuak dauden edota herriko ikastetxeetan ikasten duten ikasleek.

Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, COVID19aren pandemiak eragin duen "ziurgabetasunak eta musika entseguak egiteko ekarri dituen protokolo eta murrizketek" eragin nabarmena izan dute ikasle kopuruan. 

Ikasturte honetan ere beharrezko osasun neurriak hartuko dira Ibargain Musika Eskolan. Besteak beste, Ibargaingoz egoitzaz gain Udalak Karrikan duen Iturburu etxea ere erabiliko dute zenbait eskola emateko. Iaz ere espazio hori erabili zuen Ibargainek, osasun protokoloek ezarritako espazio eta distantzia neurriak bete ahal izateko.

Ibargain Musika Eskolako arduradunek jakinarazi dutenez, urriaren 20a arte dago matrikulazio epea irekita.

Informazio gehiago:

Helbidea: Aialde kalea 8, behea

Telefonoa: 943 49 38 85

E-maila: ibargainmusikaeskola@gmail.com

 

 

Gehigarriak

Ibargain Musika Eskolan dohainik ikasi ahal izango dute 8 urte arteko ikasleek, Udalaren laguntzari esker