Kulturabirusak 60 ekintza baino gehiago eskainiko ditu udan zehar

Aisialdi eta kultur eskaintza anitza egitea izan da helburua

Kulturabirusa zabalduko da aurtengo udan ere herrian. 60 ekintza proposamen baino gehiago izango dira, aurtengo udan kulturaz eta aisialdiz gozatzeko. Beraz, ohiko festarik ez da izango, baina bai zertaz gozatua.

Gaur, Udalak eta ekintzak antolatzen aritu diren eragileetako ordezkariek egitaraua aurkeztu dira. Datozen egunetan, egitarau osoa banatuko da Oiartzungo etxe guztietara.

Mamiz eta konpromisoz betetako egitaraua

Antolakuntza parte-hartzailea izan da Kulturabirusaren zikloa osatzeko. "Herritik eta herriarentzat askotariko ekitaldiak antolatzea izan da helburua", adierazi dute eragileek eta Udalak, "mamiz betea eta eredugarria izateko konpromisoarekin" prestatu dutena.

Izan ere, Kulturabirusaren baitan antolatu diren ekintzetan aintzat hartzeko hainbat irizpide adostu dituzte guztien artean. Hauexek: euskalduna izatea; feminista izatea; inklusiboa izatea; animaliarik ez erabiltzea; kulturanizutasuna bultzatzea; adin tarte guztiak kontuan hartzea; herriko auzoetara heltzea; iraunkorra izatea eta ingurumena zaintzea eta, kontsumismo hutsetik haratago joatea.

Eragileek argi adierazi dute "eraso sexistarik gabeko jendarte eta uda atsegin bat" desio dutela.

Sarrerak Turismo Bulegoaren bidez eskuratu ahal izango dira

Antolatutako ekintza guztiak dohainik izango dira, baina leku mugatuak izango dituzte (COVID19arengatik bete beharreko osasun.arau guztiak errespetatuko dira saioetan).

Tokiaren arabera, aforoa desberdina izango da, beraz, etxez etxe banatuko den informazioa ongi begiratzeko eskatzen zaie herritarrei. Honez gain, eguraldi txarra egingo balu, leku alternatiboen berri ere emango da eskuorri horretan.

Ekintza batzuetan parte hartzeko, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik sarrera eskuratzea. Aurten ere Oiartzungo Turismo Bulegoaren bidez banatuko dira. Ekaineko saioetarako sarrerak telefonoz (943 49 45 21) edo e-mailez eskatu beharko dira (turismoa@oarsoaldea.eus).

Uztailaren 1etik aurrera, berriz, Arizmendi-enean irekiko den Turismo Bulegoan eskurati ahal izango dira gonbidapenak (ordutegia, astelehenetik igandera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00).

Herritar bakoitzak gehienez bi sarrera hartzeko aukera izango du.

Eragileen eta Udalaren arteko elkarlana

Eragile hauek dira Udalarekin batera 2021eko udako Kulturabirusa antolatzen aritu direnak: Abaraxka ludoteka; AIA; artista plastikoak; artisauak; Auntxa trikitixa eskola; Azmarrin; Biyurrienea; Elizaldeko Guraso Elkartea; gazte sortzaileak; Harri Beltza; Haurtzaro Ikastola; HELTA; HemenGuk; Hitzen Lihoa; Ibargain Musika Eskola; Kantugiltza; Lartaun abesbatza; Lartaungo txistulariak; Metrokoadroka; Mirokutana; Oiartzungo Antzerkizale Elkartea; Oiartzungo Bertso Eskola; Oiartzungo Feministen Asanblada; Oidultz; Soinuenea; Zinegileak eta norbanakoak.

Guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udalak, elkarlanerako oiartzuarrei udan zehar kultur eta aisialdi eskaintza egiteko agertu duten prestutasunagatik.

EGITARAUA hemen.

Gehigarriak

Kulturabirusak 60 ekintza baino gehiago eskainiko ditu udan zehar