Udalak eta tabernariek datozen egunetan ere arduraz jokatzeko deia egin dute

Tabernak 01:00etan itxiko dira

Gauza jakina da aurtengoan ez dela xanistebanik izango Oiartzunen. Bizi dugun osasun larrialdi egoerak ez duenez osasun-segurtasun baldintzak betetzeko bermerik ematen, Udalak eta Jai Batzordeak herriko festak bertan behera uztea adostu zuten. Egoera honen aurrean, Udalak eta Oiartzungo Tabernarien Elkarteak datozen egunetarako neurriak gogora ekarri nahi dituzte.

Abuztuaren 2tik 6ra ez da xanistebanik izango, ezta ordezko festarik ere. Hala ere, Udala jakitun da herritarrek badutela otorduak-eta egiteko asmoa. Lagunarteaz eta familia giroaz gozatzea zilegi da, baina indarrean dauden arauak errespetatuz eta arduraz jokatuz, kolektiboaren onuran pentsatuz. Bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, jende pilaketak eta COVID19aren kutsatzeak saihestea da helburu nagusia.

Toki seguruak, arauak errespetatuz

COVID19ak eragindako osasun-larrialdi egoerak ez du hobera egin azken asteetan. Gipuzkoan bertan, zenbait herritan fokuak agertu dira. Oiartzunen oraingoz ez da fokurik agertu eta arauak errespetatuz ekindi dezakegu elkar kutsatzea. Guztion esku dago.

Beraz, arduraz jokatzen jarraitzeko deia egiten diote oiartzuarrei herriko tabernariek eta Udalak. Tabernak toki seguruak dira, beti ere, arauak errespetatzen badira. Tabernako langileen eta gainerako bezeroen osasuna zaintzea ere bada guztion ardura.

01:00etan itxiko dira tabernak

Oiartzungo tabernak 01:00etan itxiko dira eta barran ezingo da kontsumitu 00:00etatik aurrera. Eusko Jaurlaritzaren dekretua jarraituz, musukoak derrigorrezkoak izango dira kontsumizio-garaitik kanpo eta gehienez 10eko taldeetan elkartu ahal izango da tabernetan.

 Oiartzungo Tabernarien Elkartearen jarrera eskertu nahi du Udalak, hasieratik elkarlanerako eta elkarrizketarako prestutasuna adierazi duelako, baita euren lantokia eta bezeroak babesteko kontzientzia.