Xabier Leteren prosako lana du ardatz Zerbitzuko lanean Mugarriren zenbaki berriak

Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik ondu dute lana

Gaurkoan Oiartzungo Udalak urtero argitaratzen duen Mugarri bildumako azken zenbakia aurkeztu du. Aurtengoa 26. zenbakia izan da. Oiartzungo ondarea (kultura, ohiturak, historia...) herritarren esku jartzea da Mugarri bildumaren helburua. Aurtengo Mugarriren ardatza Xabier Lete sortzaile oiartzuarra izan da. Hain zuzen ere, haren heriotzaren 10. urteurrena beteko da aurtengo abenduan.

Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile izenburua du Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik ondu dute liburuak. Liburuak Leteren alde ezezagunenetako bat atera nahi du argitara: Xabier Lete prosagilea. Azala Idoia Beratarbide ilustratzaile oiartzuarrak egin du.

Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile Mugarria Oiartzungo komertzioetan eta Elkar liburu-dendetan eskuratu ahal izango da gaurtik aurrera (12 €).

Lete prosagilea "ezagutzeko aukera"

Iosune Cousillas Oiartzungo Kultura zinegotziak adierazi duenez "Oiartzungo Udala zorionekoa da urtero Mugarri bat ateratzeko gaitasuna, maila, ilusioa eta aukera dugulako".

Oiartzungo Udalaren izenean, eskerrak eman dizkie Cousillasek liburuaren egileei, "zuei esker Leteren unibertsoan murgiltzeko eta gozatzeko aukera izango dugulako".

"Askok ezagutzen ditugu Xabier Leteren abestiak eta poesiak baina, ziurrenik, bere prosaren ezagutza murritzagoa da", kontatu du Cousillasek, "hona hemen aukera".

Leteren 89 idatzi bildu dira, asko lehen aldiz

Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da lanaren egileetako bat, Haizea Saez de Eguilaz filologoarekin eta Anjel Lertxundi idazlearekin batera.

Mugarri hau lantzeko arrazoia Perez Gazteluk azaldu du: "Xabier Lete batez ere poeta eta kantari moduan da ezaguna eta horrek itzalpean utzi du, nolabait, prosa (bikaina gainera) idatzi zuela".

Egin duten ikerketaren arabera, 1965ean Zeruko Argian estreinatu zen Lete prosagile gisa: Carrasquedo Olano jauna eta beste batzuei lanarekin.

Leteren prosazko lan asko lehen aldiz bildu dira Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile bilduman. "Lan honek erakusten du asko eta ongi idatzi zuela oiartzuarrak, baita prosaz ere; zerbitzuko lana eginez, hitz lauz adierazitako makina bat kontu urteek erabat herdoildu ez duten prosaz".

Guztira, Leteren euskarazko 67 lan eta gaztelaniazko 22 bildu dituzte. "Ez dira prosaz idatzi zituen guztiak", azpimarratu du Perez Gazteluk. Gehienak iritzi generoko artikuluak dira, 1965 eta 2011 urteen artean Zeruko Argia, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Hegats, Erlea, Muga, Garaia, Errenteriako Oarso eta, Oiartzungo eta Hernaniko urtekarietan argitaratuak.

Dibulgazioaren eta akademiaren arteko "zubia"

Elixabete Perez Gazteluk azaldu duenez, "Zerbitzuko Lanean. Lete kazetari, Lete prosagile ez da adituentzako lana, baina uste dugu dibulgazioaren eta akademiaren arteko zubi neurrikoa dela". Leteren pentsamenduan, hitzetan eta munduan sakondu nahi duenak haren prosa ere gogoan eduki behar lukeela aldarrikatu du Perez Gazteluk.

Bilketa lanean "zailtasunak" izan dituzte, Haizea Saez de Eguilaz egileak azaldu duenez. Zailtasun handiena Leteren lanak katalogatuta ez egoteak, digitalizazio ezak edo kalitate eskasak ekarri ditu. "COVID19ak eragindako itxialdiak galarazi egin digu liburutegietara nahi eta behar adina joatea", azaldu du Saez de Eguilazek.

Prosa "bizi, gihartsu eta indiferente uzten ez duena"

Anjel Lertxundi idazleak harreman zuzena izan zuen Xabier Leterekin bizi izan zen bitartean eta berak ere parte hartu du Mugarri bildumako lan berrian. "Lete poeta handi bat da oroz gainetik, baina haren prosa ere bikaina da, ez dut ezagutzen prosa bikaina egin ez duen poeta handirik. Leteren izaera naturala zen, egiatia, espontaneoa eta izaeraren freskotasun hori du haren prosak".

Lertxundiren arabera, Leteren prosa "bizia da, gihartsua eta irakurlea indiferente uzten ez duena. Gehienetan euskara jasoa darabil, baina ez lehorra edo hotza edo artifiziala, sarri entzuten zaion ahozkotasunaren musika lexikoan eta testuen erritmoan, eta horregatik egiten da hurbilekoa eta atsegina".

Xabier Leteren unibertsoa gertuagotik ezagutzeko gonbida da, beraz, Mugarri bildumako zenbaki berria. Dagoeneko letezaleak direnentzako ezin aproposagoa, eta haren mundura lehenengo hurbilketa egiteko, baita ere. 

Gehigarriak

Xabier Leteren prosako lana du ardatz Zerbitzuko lanean Mugarriren zenbaki berriak