Haizea Saez de Eguilaz, Gazteria zinegotzia: Ludoteka itxita badago ere hezitzaileek lanean jarraitzen dute herriko txikienek aisialdirako, irudimenerako eta gozatzeko materiala eduki dezaten

Haizea Saez de Eguilaz Gazteria zinegotziak bere ardurapean dagoen arloan larrialdi egoerak izan dituen eragin nagusiei buruz hitz egin digu

Abaraxka ludotekak eskaintzen dituen zerbitzuak (ludoteka, Familia Eremua, Abaraxka ludoteka) bertan behera geratu dira larrialdi egoerarengatik. Zerbitzu horiek berriz martxan jarriko al dira?

Bizi dugun krisi egoera dela eta ludotekak ateak itxi behar izan zituen eta egia esan, gaur-gaurkoz, ez dakigu noiz ireki ahal izango dugun. Gure asmoa zerbitzuak lehen bailehen martxan jartzea izanik ere, segurtasuna bermatu arte ezingo dugu deus egin; herritarrontzako aisialdiko ekintzak nahi ditugun arren, segurtasuna bermatzea ezinbestekoa baita momentuz. Hori horrela, beste era batera antolatu ditugu ludotekak berak eskaintzen dituen zerbitzuak. Baina erabakia ez dago gure esku eta egoera eta baldintzak hobetzen direnean berriro erabakia aztertzeko moduan izango gara. Bitartean...

Uztaileko udaleku irekietan izen-ematea irekita du Udalak. Hala ere, azken erabakiak maiatzean hartuko dituzue, egoeraren arabera. Nola doa izen-ematea?

Udalekuetako izen-ematea apirilaren 3an itxi behar genuen berez, ikastetxeetan oporrak hartzearekin batera. Administrazioko epeak aldatu direnez, udaleku irekietako izen-emateari ere eragiten ziola ohartu ginen. Hau da, ezin genuen izen-emate epea itxi eta horregatik jarri dugu haurren kopuru muga 500en. Administrazioaren funtzionamendua gure esku ez dagoenez, ez genekien noiz arte egongo litzatekeen irekia bestela, eta gehiegizko izen-ematea saihesteko, muga jarri genuen. Urtero, 450 haurren bueltan ibiltzen gara eta beroz, egoki ikusi genuen 500 haur izatea limitea. Momentuz, 419 haurrek eman dute izena eta 500eko kopurura iristen garenean antolaketari (hezitzaileak, programaketa...) helduko diogu, birus madarikatu honek uzten badigu.

Hala ere, oraindik ezin dugu ziurtatu udalekuak egingo diren edo ez; uztaila urruti badago ere, ez dakigu zein egoera izango dugun. Momentu honetan ezin dugu bermatu osasun egoera segurua izango denik eta jende pilaketak ez dira mesedegarriak. Hori horrela, erabakia maiatzean hartuko genuela adostu genuen. Beraz, hemendik hiru uste barru-edo jakingo dugu ea aurtengo udaleku irekiekin zer gertatuko den. Gure asmoa urtero bezala udalekuak egitea da, haurrentzako eskaintza bikaina dela iruditzen baitzaigu eta herritarrek asko eskertzen duten zerbitzua. Erabakia ez dugu asko atzeratu nahi, badakigulako familientzako arazoa izan daitekeela udan haurrak norekin utzi pentsatzea, baina lehen aipatu bezala, herritarron segurtasuna guztiaren gainetik jarri behar dugu.

Ludoteka irekita ez dagoen arren, familiei aisialdi eskaintza alternatiboak eskaintzen zaizki GazteOiartzun eta OiartzunAurrea blogen bidez, ezta?

Bai. Ludoteka eremu fisiko bezala itxita egon arren, haurrei nahiz familiei zuzendutako eskaintza zabala dago. Herriko bsete zenbait elkarte eta norbanakorekin batera OiartzunAurrea ekimena sortu zen. Aisialdirako eskaintza, boluntario sarea eta beste hainbat gauza eskaintzen dira eta ludotekak ere bere aletxoa jartzen du. Aisialdiari dagokionez, sekulako ideia zaparrada eskaintzen dute bai haurrentzat, bai familientzat eta baita heldu, nerabe zein gazteentzat ere.

Haurrei dagokienean, esate baterako, honela banatu dute web orrialdea: film, marrazki bizidun eta dokumentalak alde batetik; ipuinak eta abestiak, bestetik; plan posibleka eta azkenik, link interesgarriak. Atal horietako bakoitzean hainbat informazio jarri dute: irrati edo telebistetan egunero emititzen diren saioen berri eman, zein ordutan eta non emititzen duten esanez eta orrialderako esteka emanez; ipuin kontaketak/antzerkiak/ikuskizunak non aurki daitezkeen; haurrekin etxean egiteko esperimentu eta postreak... Jartzen duten guztia egiteko urte erdia egon beharko ginateke konfinatuta, hamaika ideia daude!

Guztiontzako eskaintza atal bat ere badago eta bertan erronka artistikoak, museoetara bisitak, antzerkia, sukaldaritza, kontzertuak, karaokea, kirola eta dantza, on-line liburutegiak, prentsa... azpiatalak daude. Hamaika herritar ari dira web orria elikatzen eta informazio dezente biltzen ari dira. Hemen ere haurrekin egiteko hainbat ideia topa daitezke: metro karratu gutxitan kirola nola egin, munduko museo baten bisita birtuala egin, aspaldi ikusitako antzerki obra bat berriro ikusi... Erronka artistikoei dagokionean, herriko zenbait artistak parte hartzen dute eta herritarrei botatzen diete amua. Ludotekak haurrak eta familiak animatu ditu parte hartzera, itxialdiko egun hauetan ere haurrei sormenerako eta irudimenerako tartea eskaini behar baitzaie.

GazteOiartzun blogean beste zenbait eskaintza topa daitezke. Ludotekak kudeatzen du web orria eta, haurrei eta familiei zuzendutako eskaintza zehatzagoa dago bertan. Bideoak, bertsoak, estekak, ipuin kontaketak, esperimentu proposamenak... Hamaika gauza topa daitezke. Urtean zehar bertan jartzen dute informazioa, argazkiak, albisteak... Ludoteka itxita badago ere hezitzaileek lanean jarraitzen dute herriko txikienek aisialdirako, irudimenerako eta egunean zehar gozatzeko materialak zein tresnak eduki ditzaten.

Biyurrinea herriko gazteei txalentx proposamenak egiten ari da konfinamendua hasi zenetik. Zer iruditzen zaizu ekimen hori?

Ideia bikaina iruditzen zait, primerakoa. Itxialdia hasi zenean egutegi moduko bat kaleratu zuten eta hor ikus zitezkeen zein ziren asteko txalentx edo erronkak. Hasiera batean bi astetarako bazen ere, luzatu egin behar izan dute bai larrialdi egoeragatik baina baita izan duen harreragatik ere. Eguneko une garrantzitsuena bihurtu da askorentzako Biyurrieneako txalentxak ikustea eta, bide batez, gazteen artean sare bat sortzeko ere balio izan du. Batek txalentxa egin, bestea izendatu, hurrengoak handiagoa... Lotsa galdu duenik ere badago!

Garrantzitsua iruditzen zait bizi dugun egoeran elkar zaindu eta elkarri irribarre bat eskaintzeko tartetxoa hartzea egunero. Pantaila batetik bada ere, elkarren berri izaten dugu eta kuadrillakoa, auzokidea edo herrikidearen txalentxarekin gozatzen badugu, primeran; ez dugu urrutira joan beharrik aisialdi euskaldun eta dibertigarri bat edukitzeko!

Gazte Batzarretan jasotako eskaeratik abiatuta, gazteentzako formakuntza saioak prestatzen ari zen Udala. Zer gertatuko da horiekin?

Data hauetan egitekoak ginen lan munduaren inguruko saioak baina egoera ikusita, ez ditugu egingo. Egokiena, hau guztia bukatzean gazteekin berriro biltzea izango da eta konfinamenduan zehar ziurrenik beste behar eta interes batzuk sortuko direnez gero, haien ahotsa entzun eta ahalik eta egokien haien nahiak betetzea. Hala ere, lan munduko saio hauek egin nahi ditugu egoerak uzten digunean.

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Haizea Saez de Eguilaz, Gazteria zinegotzia: Ludoteka itxita badago ere hezitzaileek lanean jarraitzen dute herriko txikienek aisialdirako, irudimenerako eta gozatzeko materiala  eduki dezaten