Oarsoaldeko jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen duen eskuorria sortu da

Lehendabiziko Oarsoaldeako jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen duen eskuorria osatu da. Aurkezpenean eskualdeko lau udaletako Kirol zinegotziek parte hartu dute, tartean, Enekoitz Markos Oiartzungo Kirol zinegotziak.

"Oarsoaldeako Kirol Koordinazio Mahaia osatzen dugun lau udalerrietako politikari zein teknikariek eskualdeko eskaintza euskarri bakar batean bateratzeko premia sumatu genuen. Izan ere, konturatu ginen behin Eskola Kirola bukatzean, eskualdeko haur askok ez zekitela non jarraitu beren gustuko modalitatearekin eta ezjakintasun horrek bultzatuta, haur askok kirol praktika uzten zutela".

Premia horretatik abiatuta, beraz, hasi zen Koordinazio Mahaia eskuorria lantzen. Lanketa luzea izan dela adierazi zuten zinegotziek: "Hasiera batean eskualdeko kirol kluben harremanetarako bideak jasotzea zen egitasmoa, baina bileraz bilera ikuspegia zabaltzen joan zen eta egindako lanketari esker, gaur egun eskualde mailan jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera eta eskaintza anitzak biltzen dituen dokumentua osatu ahal izan dugu, modu horretara, herri bakoitzeko biztanleei eskualde mailan dagoen eskaintza eta aukera guztiak ezagutzera emateko".

Eskuorriak, hain zuzen, eskualdeko kluben informazioa, kirolguneak, orientazio zerbitzuak edota herri bakoitzeko kirol sailetako kontaktuak jasotzen ditu. Horiez gain, eskualdeko parke osasungarriak, bidegorriak edota ibilbideak -Donejakue bidea, Talaia bidea eta San Markos inguruko ibilbidea- ere markatuta daude.

Eskuorria dokumentu bizia dela azpimarratu dute lau zinegotziek, hau da, urtetik urtera aktualizatzen, osatzen eta aberasten joango dela, alegia. Ildo horretan, datorren urteari begira ibilbide gehiago edota kirol gune pribatuen kokaleku zein kontaktua gehitzea da asmoa.

Oarsoaldea eskualdeak kirol arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko interesa duen orok, beraz, eskuragarri du eskuorria lau udalerrietako udal webgunean eta kiroldegi zein harrera bulegoetan.

Gehigarriak

Oarsoaldeko jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen duen eskuorria sortu da