Eskola Agenda 21n aurreko ikasturtean egindako eskaerak erantzun ditu Udalak

Energia eraginkortasuna, mugikortasuna, hondakinak eta elikadura arloetako eskaerak egin zituzten

2018/2019 ikasturtean Eskola Agenda 21en baitan herriko ikastetxeetako ikasleek Udalari egindako eskaeran erantzunak jasotzera etorri dira gaur Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako iksale ordezkariak udaletxera. Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Mendi-Ingurumen zinegotziak egin die harrera, eta Ander Santesteban Mendi-Ingurumen teknikariak azaldu ditu haien eskaerei emandako erantzunak.

Ikasleek egin zuten eskaeretako bat Zuhaitz Eguna igandera pasatzea izan zen, jende gehiagok parte hartzeko aukera izan zen: 2020an hala egingo da.

Energia eraginkortasuna hobetzeko eskatu zuten ikasleek. Udala Ingurumen arloan herritarrantzako diru-laguntzak aztertzen ari dela ere azaldu diete. Horrez gain, Udalak udal eraikinen eta kaleko zerbitzu publikoen azterketa egina du. Ondorioz erabaki batzuk hartu dira: esaterako, kaleko argiztapena aldatu da LED sistema jartzeko. Azterketa horrekin jakin zuen Udalak Elizalde eskola zela energia (elektrizitatea, gasa eta ura) gehien kontsumitzen zuen eraikinetako bat eta eraginkortasuna hobetzeko 50/50 egitasmoa martxan jarri zen aurreko ikasturtean. Ikasturte honetan proiektuarekin jarraituko da. Etorkizuneko erronka "udal eraikinetan energia berriztagarria" jartzea izango da.

Elikadura jasangarria eta hondakinen murrizketa

Herriko produktuen kontsumoa sustatzeko ere eskatu zuten ikasleek. Lurbizi egitasmoa eta Labore gisako proiektuak azaldu ditu Santestebanek. Ikasturte honetan, ikasleek horiek bertatik bertara ezagutuko dituzte Eskola Agenda 21n barruan.

Udalak elikadura jasangarria -bertan sortzen dena kontsumitzea, ahal den neurrian- sustatu nahi du. Horregatik, herritarren erosketa eta kontsumo ohiturak aztertuko ditu.

Hondakinak murrizteko, harategi eta arrandegietan erosketak tupperrekin egiteko kanpainaren gisako ahalegin gehiago egitea ere aurreikusten du Udalak. Herrian antolatzen diren jaietan edalontzi berrerabilgarriak jartzen ditu Udalak antolatzaileen eskura. Platera eta mahai-tresna berrerabilgarriak eskuratu ote daitezken aztertuko du Udalak.

Konposta sustatzen jarraitzeko ere eskatu zuten ikasleek. Altzibarren Olalden egiten den bezala, auzokonposta zabaltzeko eremu gehiago aztertzen ari da Udala. Kaleko zakarrontzi gehiago jartzeko ere eskatu zuten ikasleek, baina Udalak nahikoak badaudela eta gutxitzea behar lukeela helburua uste du, hondakin gutxiago sortuz.

Mugikortasuna hobetzeko neurriak

Mugikortasunaren arloan, Xorrola zerbitzua hobetzeko eskatu zuten iaz ikasleek. Pasa den irailetik egunero hiru zerbitzu gehiago egiten ditu herri barruko autobusak, larunbata goizetan ere martxan dago eta Mugi sistemaren barruan sartu da.

Udalak ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egiteko ere eskatu zuten ikasleek, eta duela hilabete eskas hartu du lehenengoa. Aurrerantzean Udalak hartuko dituen ibilgailuak elektrikoak izango dira. Bidegorria hobetzeko egin diren lanak ere aipatu ditu Santestebanek: Altzibar-Karrika zatia luzatu da eta Altzibar-Ugaldetxo zatian argiztapena berritu da.

Honez gain, Oinbusa sustatzeko ere eskatu zuten ikasleek aurreko ikasturte bukaeran. Duela hiru urte egin zuen Oinbusa martxan jartzeko eskaera Eskola Agenda 21k eta Udalak azpiegitura prestatu zuen (geltokiak, ibilbide seguruak, ordutegiak...): horiek erabiltzera animatu ditu ikasleak.

Ikasturte honetan, klima aldaketa elikaduraren ikuspuntutik lantzen hasi dira.

Gehigarriak

Eskola Agenda 21n aurreko ikasturtean egindako eskaerak erantzun ditu Udalak