Produktu fitosanitarioen aplikatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Behemendik Oiartzunen

Azaroaren 7a arte eman daiteke izena

Produktu fitosanitarioen aplikatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko zaie baserritarrei Oiartzunen, Behemendiren bidez.

Oinarrizko maila lortzeko ikastaroa azaroan eta abenduan emango da. Sei egunetan (azaroaren 18, 20, 25, 27 eta abenduaren 2 eta 4an) arratsaldez izango dira saioak (gazteleraz), Elorsoro kiroldegiko bilera gelan. Irakasle lanetan Fraisoro Eskolako Luis Cebrian eta Egoi Martieda ariko dira.

Landuko diren gaiak laboreen izurriteak; produktu fitosanitarioak; kontrol neurriak; garraioa eta biltegiratzea; arriskuen prebentzioa; produktu fitosanitarioak aplikatzeko metodoak; lehen sorospena eta aplikazio ekipoak izango dira. Ikastaroaren bukaeran azterketa egin eta titulua jasoko dute ikasleek.

Izen-ematea azaroaren 7a arte egin daiteke, Behemendin (behemendi@behemendi.eus/943 49 02 19). Matrikularen prezioa 50 € izango da. Informazioa ere Behemendik eskuratu daiteke. 

Ikastaroa martxan jartzeko, gutxienez 30 lagunek eman beharko dute izena.