Ondarearen Mahaiak Arizmendi-eneako lanak bisitatu ditu

Berritze lanak aurreikusitako epearen barruan ari dira garatzen

Ondarearen Mahaiko kideak, udal ordezkari politiko eta teknikoak, eta Arizmendi familiako kideak Arizmendi-eneako berritze lanak ikusten izan dira. Bertan kokatuko da etorkizunean Ondarearen Etxea izango dena.

Eraikinaren berritze lanen helburua Arizmendi-enea ahalik eta berdinen mantendu eta berreskuratzea da. Arkitekto taldeak orain arte egin dena azaldu eta hartu diren erabakiren arrazoiak azaldu zituen bisitan: egurrezko egituradun balkoia berreskuratzearen arrazoiak (XX. mendearen aurrekoa); ganbarako espazioa irekitzeko irizpideak... 

Arizmendi-enea etxea eta lorategia Ondare izendapena eskuratzeko tramitean daude.

Etxearen egitura mantenduko da

Lanak aurreikusitako epearen barruan ari dira gauzatzen oraingoz. Arizmendi-eneako beheko solairuan Turismo Bulegoa eta erakusketa aretoa egongo dira (komunak eraiki dira bertan). Lehenengo eta bigarren solairuan etxebizitza mantenduko da eta museo gisa  bisitatu ahal izango da. Arizmenditarren altzariak tratatu dira eta bertan kokatu dira berriz, balore handikoak direlako.

Teilatupean kapera mantenduko da, baina gainerakoa espazio ireki bat izango da, bilerak-eta egiteko.

Etxea, Arizmenditarren historiaren lekukoa

Iñaki Agirre Arizmendi, Angel Arizmendi eta Juanita Aiestaranen biloba ere atzoko bisitan izan zen. Hark kontatu zituen familiaren eta etxebizitzaren inguruko zenbait xehetasun berezi.

XX. mende hasieran Arizmenditarrek etxea erosi zutenean moldaketak egin zituzten, baina 1935a urte berezia izan zen: urte hartan jarri zuten argindarra eta ura etxean, eta teilatupeko kapera eraiki zuen Olazabal arkitektoak. Angel Arizmendik emazteari egin zion oparia izan zen, euren ezkontzaren 25. urteurrenean. On Manuel Lekuonak eman zuen lehenengo meza han. "Eta azkenetako, haren iloba Juan Marik", Agirreren gurasoen ezkontzaren 25. urteurrenean.

1936an, gerra hasi zenean, teilatutik sartu ziren guardia zibilak Angel Arizmendi atxilotzera, kaperan zegoen leiho batetik (Arizmendi fusilatu egin zuten gero frankistek). 

Bisitariak sentsazio onarekin atera ziren Arizmendi-eneako lanak bisitatu ondoren. 

 

 

Gehigarriak

Ondarearen Mahaiak Arizmendi-eneako lanak bisitatu ditu