Katerin Artolak Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketako oroigarria eskaini dio Oiartzungo herriari

Bigarren urtez segidan irabazi du txapelketa

Katerin Artola Telleria dantzariak Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketan bigarren urtez segidan irabazi duen oroigarria eskaini dio Oiartzungo herriari. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak jaso zuen atzo Patxi Epeldek egindako eskultura, eta oiartzuar guztien partez Artola zoriontzeaz gain, "gustura egiten duzun horretan jarraitzera" animatu zuen.

Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak eta Ordiziako Ametsbide Dantza Taldeak antolatzen dute Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketa -iaztik, bakarra dena neska eta mutilentzat-. Atzo, bi erakunde horien ordezkari oroigarriaren eskaintzan izan ziren Esti Iturria Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kidea eta Edurne Saez, Ametsbideko lehendakaria. Urtebetez, Oiartzungo udaletxean jasoko da Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketako oroigarria, 2020ko txapelketa arte.

18 urte ditu Katerin Artolak. Haurtzaro Dantza Taldean hasi zuen dantzari ibilbidea, baina azken urteetan Lourdes Esnaola lezoarraren ikasle da. Horrez gain, dantza irakasle da Pasai Donibanen eta haurren dantza txapelketetan epaile ere bada.

Gehigarriak

Katerin Artolak Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketako oroigarria eskaini dio Oiartzungo herriari