Oiartzungo errotak ezagutzeko aukera izango da Ondarearen Jardunaldien baitan

Hitzaldiak ere izango dira Yurrita errotan

Europako Ondarearen Jardunaldiaren baitan, datorren larunbatean (urriak 5) Arditurriko bidegorrian dauden errotak eta haien ondarea ezagutzeko aukera izango da, ibilaldi gidatu bati esker. 

Oiartzungo eta Errenteriako Udalok, Oarsoaldea Turismo Sailarekin batera antolatu dugu jardunaldia. Fanderiako errota, Yurrita errota (Ugaldetxo) eta Arraskue errota (Karrika) ezagutzeko eta martxan ikusteko izango da, 10:00etan Fanderiatik abiatuta.

Bisita gidatua dohainik da, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, toki mugatuak direlako: turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.

Alvaro Aragon eta Alex Rotetaren hitzaldiak, hilaren 10ean

Horrez gain, hilaren 10ean bi hitzaldi antolatu ditu Udalak, Ondarearen Mahaiaren laguntzaz, biak erroten historiari lotuak: Alvaro Aragon historialariak Artoa Oiartzunen: bertaratu zenetik orokortu zen arte (XVII-XIX. mendeak) eta Alex Roteta errotariak Gipuzkoako errotak: ondareari begirada bat izango dituzte hizpide, Yurrita errotan (Ugaldetxo), 19:00etan.

Horrez gain, datozen egunetan Yurrita errotaren historia eta funtzionamendua azaltzen duen panela eta Juansendo errota izandakoaren harri bat jarriko ditu Udalak bidegorrian, bertatik pasatzen direnek gure ondarearen puska hori ezagutu dezaten.

Errotak, plazara

Udalak urte hasieran sortu zuen Ondarearen Mahaia, Oiartzungo ondare aberatsa bildu eta ezagutzera emateko asmoz.

Ondarea plazara! du gaia aurtengo Europako Ondarearen Jardunaldiak eta hortik abiatuta, Ondarearen Mahaiak Oiartzun ibaiko errotak plazaratzea erabaki du. Oiartzunen 20 errota izan ziren garai batean martxan, baina gaur egun bi besterik ez dira geratzen (Arraskue errota eta Yurrita errota). Ondare garrantzitsu hori balioan jartzea beharrezkoa da.

Gehigarriak

Oiartzungo errotak ezagutzeko aukera izango da Ondarearen Jardunaldien baitan