Josu Delgado, Euskara zinegotzia: Ezin dugu euskararentzako espazio berriak irabazten zentratu eta alde batera utzi ziurtzat jo izan ditugunak

Josu Delgado Rozasek 53 urte dauzka. Bilbotarra da jaiotzez, baina 20 urte inguru daramatza Oiartzunen bizitzen, urte askoan Gurutzen eta duela gutxitik, Elizalde auzoan. Pedagogia ikasketak egin zituen eta filosofiako irakaslea da ogibidez. Gaur egun, IRALEn dabil irakasle. Hiru seme-alabaren aita da. 

Euskalgintzan aspalditik aritu izan da. Hasieran, Bilbo inguruko euskalgintzan -"Bilbo aldeko euskaldunen ehunekoa txikia izateaz gain, oso sakabanatua zegoen"-. Oiartzunen ere, aritu da euskalgintzan. Besteak beste, Konpromisotik aD/Ritzera eta Euskaraldiako lantaldeetan. Hitzen Lihoako antolakuntzan ere badabil.

Udalean, Euskara sailaren ardura izango du bere gain datozen lau urteetan eta UEMAn Oiartzunen ordezkarietako bat izango da.

Zinegotzi izateko proposamena egin zizutenean, zergatik animatu zinen?

Egia esan, ez zen erabaki erraza izan. Baina proposamenak badu aldeko arrazoi bat oso indartsua, eta, azkenean, hura nagusitu zen erabakiak: oso aukera ona da herria hobeto ezagutzeko, hartu zaituen, zure seme-alaben herriaren alde aletxo bat jartzeko. Bestalde, hizkuntza-normalizazioaren alorra gutxi-asko ezagutzen dut, eta horrek konfiantza eta ilusioa eman dizkit konprometitzeko.

Euskara sailaren ardura hartu duzu. Nolakoa ari da izaten legegintzaldi hasiera hau?

Abian dagoen tren batean sartu gara; lehengo zinegotziak ordezkatu eta ohiko antolamenduan eta arduretan txertatu dugu gure burua, nahiz eta oraindik goiz den eta ikasteko asko dugun. Trenak martxa polita du, eta garrantzitsua da hasieratik nondik norakoaz ongi jabetzea. Horrela bakarrik irudikatzen ahal dugu zer geltokitara iritsi nahi dugun.

Kargua hartu aurretik, dagoeneko harremanetan hasi zinen Ioritz Aizpuru Euskara zinegotzi ohiarekin eta Aitziber Arnaiz teknikariarekin. Nolakoa ari da izaten transmisioa? Nola ari zarete lan-trasbasea egiten?

Oiartzunen handia da hizkuntzarekiko sentsibilitatea, euskalgintza oso bizia izan da eta asko dira tresnak eta proiektuak; nahitaezkoa da ikuspegia ahalik eta zabalena izatea zinegotzi-lanetan hasi behar izanez gero. Nik zortea dut Ioritz eta Aitziber, besteak beste, gertu izan ditudalako, eta badakidalako, gero ere, elkarrekin arituko garela. Transmisioa egiteko ez dago inolako oztoporik.

Zein izango dira euskara arloko erronkak datozen lau urteetan?

Landetxeko eraikin berriak euskalgintza osoa batera egotea ekarriko du; nik uste dut aukera ona izan daitekeela elkarlana bultzatzeko eta bitartekoak sendotzeko. Bestetik, alderdi sozio-ekonomikoan eragingo dugu: Euskaraldiak enpresetan eta entitateetan jarriko du arreta 2020an, eta ekimen horrek lagunduko digu merkataritza- eta lan-arloko proiektuak finkatzen eta lehentasunak ezartzen. Erabileraren aldetik, gazteekin lan egin beharko dugu; ezin dugu espazio berriak irabazten zentratu eta alde batera utzi ziurtzat jo izan ditugunak.

Erronka handia dugu heldu diren demografia-aldaketak ikusita: bistan da guk ez dugula etorriberriak gure egiteko beharrezko tresnarik, baina, beste askotan egin izan dugun bezala, sortu egin beharko ditugu eta erabili; gaur egungo harrera-saioak zabaldu beharko ditugu eta harrera integralera jo.

Bestalde, kultura arloarekin batera lan egingo dugu; lehen mailako sortzaileak ditugu Euskal Herrian, hizkuntza hauspotzen eta elikatzen dutenak, eta kulturgile horiek behar dute beren sormena herriarekin partekatu. Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa ezin dira elkarrengandik bereizi.

Azken bi urteetan euskararen erabileraren inguruan egin diren lanetan inplikatuta ibili zara, udalarekin elkarlanean. Nola ikusten duzu Oiartzunen euskararen egoera?

Euskararen egoera Oiartzunen ona da Irungoarekin alderatzen baduzu eta ez hain ona Azpeitikoarekin alderatuta. Nolanahi ere, hemengo eta hango egoerak sintomatikoak dira, diagnostiko orokorraren berri ematen digute. Modu zabalean begiratuta, ez da izaten herri hoberik edo okerragorik hizkuntzarekiko fideltasunean; kanpotik ezarritako baldintzek eragiten dute egoera halakoa edo bestelakoa izatea leku bakoitzean. Euskara hizkuntza gutxitua da bere lurralde osoko edozein tokitan, beharrezkoa ez izatera derrigortua duen lur bakarrean. Oiartzunera etorri nintzenean, gustura egongo nintzela herri euskaldun batean esan zidaten, bain ni ez nengoen nahi bezain gustura alde horretatik. Azken batean, Bilbon, aspalditik, denak dira irabaziak eta Oiartzunen, berriz, hauskortasuna agerikoa da.

Euskararen geroari dagokionez, tokian tokiko egoera baino erabakigarriagoa izango da jokaleku bakoitza. Eta jokalekua aldekoa edo aurkakoa izatea, hainbat faktoreren mende badago ere, hizkuntza-politikak ezartzen du bereziki (ofizialdu ala ez, hizkuntza-politika beti izaten baita, asimilatzailea izan edo normalizatzailea izan). Duela 50 urte Barkoxe, esate baterako, erabat euskalduna zen eta Donibane Lohizunen, aldiz, higadura handia zen. Bada jokaleku horretan, Iparraldean, aiseago edo zailxeago, olatu-erauntsi akulturizatzaile berak eraman du euskara batetik eta bestetik. Gaur egungo beste bi jokaleku desberdinak EAE eta Nafarroa dira; horregatik dira, besteak beste, euskararekiko jarrera eta euskararen ezagutza hain diferenteak soziologikoki nahiko antzekoak diren bi eskualdetan, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan, adibidez.

Dena dela, horrek ez du esan nahi ez dugula kontuan hartu behar Oiartzungo errealitate soziolinguistikoa zein den. Guztiz kontrakoa: lehentasunak egoeraren araberakoak izango dira. Herri bakoitzak garatzen duen ahalmena euskara biziberritzeko bideratu behar da. Bilboko lorpenek euskararen prestigioa handitu beharko dute. Oiartzunek, berriz, arnasgunea izaki, hizkuntzaren bizitasuna bermatu beherko du.

Gehigarriak

Josu Delgado, Euskara zinegotzia: Ezin dugu euskararentzako espazio berriak irabazten zentratu eta alde batera utzi ziurtzat jo izan ditugunak