Abittu egitasmoak 46 erabiltzaile izan ditu ikasturte honetan

Osasun zentrora zabaldu da zerbitzua ikasturte honetan

Jarduera fisikoa sustatzea helburu duen Abittu egitasmoak 46 erabiltzaile izan ditu ikasturte honetan Oiartzunen.

Ikasturtea bukatzearekin batera, Abittu zerbitzuak oporraldia hartuko du. Hori dela eta, azken asteetan Udala Abittu egitasmoan parte hartzen duten beste erakundeekin bildu da, egitasmoaren jarraipena eta balorazioa egiteko. Eusko Jaurlaritzako Mugiment egitasmoko arduradunekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Osakidetzako profesionalekin eta Abittuko orientatzailearekin bildu dira Udaleko Kirol saileko arduradunak.

Guztiek Abitturen ikasturtearen balorazio positiboa egin dute. "Zerbitzu honek dauka helburu nagusiena ez da soilik pertsona aktibatzea, baizk eta aktibatze hori iraunkorra izatea", azaldu du Mikel Lopez zerbitzuko orientatzaileak.

Osasun zentroa, erabiltzaile gehienen iturburua

Abittu 2018ko martxoan jarri zen martxan Oiartzunen. Aurten, Elorsoro kiroldegiko zerbitzua mantentzeaz gain, osasun zentroan ere martxan jarri da Abittu. Astean behin, Mikel Lopez orientatzailea bertan izan da medikuek jarduera fisikoa preskribatu dioten erabiltzaileei aholkuak ematen.

Zerbitzuaren balorazioa, bai osasun zentroko profesionalen aldetik zein Abittuko kideen aldetik, oso positiboa izan da. Aurtengo otsailean jarri zen martxan zerbitzua anbulatorioan eta ordutik, 35 lagun bideratu dituzte bertara.

Abittura jende gehien heldu den bidea izan da osasun zentroa. Beste zazpi euren lkabuz hurbildu dira eta gainerako laurak, Gizarte-Ongizate sailak bideratuta.

Erabiltzaile gehienak, emakumezkoak

Erabitzaileen ia %59a emakumezkoa izan da eta ia denak (%84,7) 40 urtetik goitikoa. Erabiltzaile gehienek jarduera autonomoak nahi izan dituzte, etxean edo kiroldegian euren kabuz egiteko modukoak.

Abittuko orientatzaileak erabiltzaile bakoitzaren jarraipena egiten du. "Ohiturak eta errutinak ez dira egun batetik bestera aldatzen eta gure laguntza ezinbestekoa da", dio Lopezek.

Saio bereziak ere antolatu dira ikasturtean zehar: Kirol Astearen baitan Txarako zirkuitu bio-osasungarria nola erabili ikasteko tailer praktikoak izan ziren eta erorketak saihesteko bi tailer ere antolatu dira, Gizarte-Ongizate zerbitzuekin eta osasun zentroarekin elkarlanean.

Irailean, berriz martxan

Irailetik aurrera berriz martxan egongo da zerbitzua Elorsoro kiroldegian zein osasun zentroan.

Horrez gain, bide berriak zabaltzeko ahalegina egingo da, jarduera fisikoaren onurak ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Hurrengo erronka, Gizarte-Ongizate saileko etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaileekin lanketa egitea izango da. Ereiten, gizarte bazterkeria arriskuan daude Oarsoaldeko bizilagunen programarekin bidea urratzen ere saiatuko da, lehenengo kontaktuan bi aldeek interesa agertu baitute.

Gehigarriak

Abittu egitasmoak 46 erabiltzaile izan ditu ikasturte honetan