Oiartzun-Karaez Senidetza Taldeak botako du aurtengo txupinazoa

25 urte bete dira aurten bi herriak senidetu zirela

Xanistebanetako Jai Batzordeak hala erabakita, Oiartzun-Karaez Senidetza Taldeak botako du aurtengo txupinazoa. Christian Troadec, Karaezko alkatearen esku utziko du ohore hori abuztuaren 2an Oiartzungo taldeak.

25 urte bete dira Oiartzun eta Bretainiako Karaez herria senidetu zirela. Urte hauetan  bi herrien arteko harremanen zubi izan den taldea omenduko da aurten, xanistebanen hasieran.

Kultur ekitaldiko omendua ere, Oiartzun eta Karaezen arteko senidetza

Oiartzungo Udalak ere xanistebanetako kultur ekitaldian (abuztuak 1) Oiartzun eta Karaezen arteko senidetzari espazio berezia emango dio.

1994an ofizializatu zen senidetza. Jon Iñarra (Herri Batasuna) eta Daniel Coté Karaezko alkateordeak urte hartako maiatzaren 14an Oiartzunen sinatu zuten senidetza eta egun batzuk beranduago, Karaezen errepikatu zen ekitaldia.

Urte hauetan, bi herrialdeen arteko harremanaren ispilua izan da Oiartzun eta Karaezen arteko harremana: Karaez-Oiartzun Senidetza Taldeak bidaiak antolatu ditu Bretainiara; bretoiak ere behin baino gehiagotan izan ditugu gurean bisitan; Karaezen ospatzen den Les Vieux Charreux musika jaialdira gonbidatu izan dute Oiartzungo delegazioa; Haurtzaro Ikastola eta Gwissenyko diwaneko ikasleen arteko elkartrukea; iaz Oiartzungo Udalak, Haurtzaro Ikastolak eta Oarsoaldeko AEK-k Ar Redadeg -bretoieraren aldeko ekimen herrikoian- kilometro bana izan zuten eta aurtengo Korrikan, Ar Redadegeko kideek kilometro bat izan dute Oiartzunen... 

Gehigarriak

Oiartzun-Karaez Senidetza Taldeak botako du aurtengo txupinazoa