Okil beltza ezagutzeko aukera Arditurri parketxean

Saioa doako da baina izena eman behar da aurretik

Okil beltza ezagutzeko aukera izango da hilaren 16an (igandea) Arditurriko parketxean. 10:00etan parketxean azalpenak eman ondoren, okil beltza maiz ikusi daitekeen parajeetara eramango ditu bisitariak Aitor Lekuona Gipuzkoako Foru Aldundiko Habios proiektuko kideak.

Saioa doako izango da, baina tokiak mugatuak direnez, aurretik izena eman beharko da. Jarduerak 2-3 ordu iraungo du eta etxetik prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Udala eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Arditurriko parajean bizi diren hegaztiak ezagutzera emateko saioak antolatzen ari dira azken hilabeteetan. Aurretik, putre arreak ezagutzeko bi saio egin dira -arrakastatsuak- eta ondoren dator okil beltza ezagutzeko tailer hau.

Okil beltza, gainera, oso hegazti espezie berezia da, izan ere, euskal mendietan, Pirinioetan eta Kantauriko mendizerran baino ez da topatzen.

Saioan parte hartzeko izena emateko 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefonoetara deitu daiteke edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net-era idatzi.

Gehigarriak

Okil beltza ezagutzeko aukera Arditurri parketxean