2027ko zerga ordenantzak izango dira aztergai iraileko udalbatzarrean
Irailaren 23an egingo da udal osoko bilkura, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Uda osteko lehen udal osoko bilkura egingo da irailaren 23an, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Gai nagusiak Arritxuloko oroimen plakari egin zaion erasoa salatzeko mozioa, Xorrola hiri barruko garraio zerbitzuaren kontratuaren esleipena eta 2027ko zerga ordenantzen proposamena izango dira. Ikasturtea aurreikusi bezala hasita, 0-2 eta 2 urteko geletako funtzionamenduari lotutako azken tramite batzuk ere izango dira hizketagai iraileko udalbatzarrean.
Hautetsiek ondorengo 13 puntuak izango dituzte aztergai irailaren 23ko osoko bilkuran:
- Aurreko bi batzarrei dagozkien aktak onartzea
- Arritxuloko oroimen plakak jasan duen erasoa salatzeko mozioa
- Oiartzungo Udalak 0-2 urte bitarteko haurrentzat, beren hezkuntza- eta zaintza-ingurune pertsonal eta kolektiboan, jantoki-zerbitzua ematea
- Urmendi eraikinetako hainbat unitateen lagapena Haurtzaro Ikastolaren alde
- 2026rako zerga ordenantzaren hirugarren aldaketa: Oiartzungo haur eskolako jangela zerbitzuaren prezio publikoak ezartzea
- 2027rako zerga ordenantzak
- 2026ko irailetik abendura bitarteko ekarpena Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoari
- Oiartzungo udal mugapean bidaiarien hiri-garraio zerbitzua eta horretarako beharrezkoa den autobusaren -Xorrola- hornidura kontratuaren esleipena
- 2027. urteko jaieguna berrestea
- Berri ematea: 2026/08 kreditu aldaketa
- Berri ematea: 2026/09 kreditu aldaketa
- Beste organoen jardueraren jarraipena
- Eskari-galderak
Gehigarriak