2026-27 ikasturteko lehen hiruhileko inbertsio nagusiak izango dira.
Legegintzaldiaren hasieratik martxan da Elizalde herri ikastetxeko patioa eta kanpo eremua eraldatzeko proiektua. Ikasleen beharrak aintzat hartuz, jolastokia erabilera anitzekoa, inklusiboa eta hezigarria izatea du helburu egitasmoak. Eskolako komunitateak ondu zuen proiektua, udalari aurkeztu zion eta elkarlanean eraldaketari ekin zitzaion 2023an.
Proiektua zatika ari da exekutatzen udala, eta “heldu gara laugarren eta azken fasera, harmailak eraberritzera”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. Helburua harmailak atseginagoak izatea eta erabilera anitzerako eremu bihurtzea da. Horretarako, altuera txikituko zaie eta inguruko naturagune eta jolas eremuekin integratuko dira. Azken fase honetako lanak urtearen bukaerarako amaitzea aurreikusten da. 390.000€ko aurrekontua du obrak.
Orain harmailak berritu aurretik, aurrena kantxak txikitu eta naturaguneak handitu ziren. Ondoren, kirol gunea berrantolatu eta margotu zen, eta segidan, HHko naturagunea sortu. 2023ko udazkenean hasi eta 2026koan amaituko dira lanak, ia 600.000€ko inbertsioa eginda. Mendiburu alkatearen hitzetan, “elkarlanari esker, ikastetxearen kanpoaldeko espazioa eskolako proiektu pedagogikoaren parte bilakatu da, eta bertako zein herriko haur guztiei euren txokoa eskaintzen dien jolastoki”.
Lan horiek egiteko garai egokiena uda denaz jakitun, aurreko urteetan lortu da ikasturte hasierarako lanak amaituta izatea. Oraingoan, ordea, eraikuntza-enpresaren agendak baldintzatuta, abuztuaren erdialdean hasi eta urtearen bukaeran amaituko dira harmailak berritzeko lanak.
30 zuhaitz berri kanpo eremuaren inguruan
Elizalde eskolaren bueltako zuhaitzak berritzen ere ari da udala. Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak azaldu du 2026ko urtarrilean egindako azterketan ondorioztatu zela ihartuta, gaixo edo okertuta zeuden 30 zuhaitz aldatu egin behar zirela. “Udaberrian 26 jarri ziren eta azken lauak Eguberriko oporraldian ezarriko dira, besteak beste, zuhaitz zaharren motzondoa kentzeko hondeamakinak behar direlako eta lan horiek harmailetako esku hartzearen ondoren egitea egoki baloratu delako. Gainera, zuhaitzak aldatzeko garai egokiak dira neguko hilabete hotzak”, Lekuonak azaldu duenez. “Aldatzeke dauden lau zuhaitzek ez dute erortzeko edo hausteko arriskurik”. Eskola eremuaren inguruko zuhaitz flota berritzeko 10.700€ko inbertsioa egingo du udalak.
Hezkuntza Saila – Udala: eskolaren teilatua eta fatxada berritzeko markoa
Elizalde herri eskolaren eraikinaren teilatua eta fatxada berritzeko markoa adostu zuen udalak Hezkuntza Sailarekin pasa den ikasturtearen amaieran eta datozen hilabeteetan bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzea aurreikusten da. Hala eginez gero, Oiartzungo Udalak proiektua idazteko konpromisoa hartuko du, horretarako 150.000€ko partida gordez 2027ko aurrekontuan.
Elizalde herri ikastetxearen eraikinaren teilatua eta fatxada berritzeko lanek orain urtebete udalak Europako LIFE dirulaguntzetara aurkeztutako proiektua dute oinarri. Proiektu hori eskola komunitateak eta udalak elkarlanean idatzi zuten.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika