Oiartzungo medikua zen Esteban Muruetagoienak estatu indarkeriaren biktima izanaren aitortza jaso du

Pozez hartu du albistea Oiartzungo Udalak eta sendiari adierazi nahi dio hurrengo pausoetan ere bidelagun izango duela.

Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan frantziar eta espainiar estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen alde lan egitea xede duen Egiari Zor fundazioak jakinarazi du, gaur, ekainak 26, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunean, Aitortza eta Erreparaziorako Euskal Legearen esparruan (12/2016 Legea), batzordeak aldeko diktamena eman duela Esteban Muruetagoiena Scolaren kasuari buruz.

Oiartzungo Udalak pozez jaso du berria, besteak beste, lehendik Oiartzunek eta udal honek egindako aitortza berresten duelako. Udalak jakinarazi nahi du hurrengo pausoetan ere sendiaren bidelagun izango dela, eta bereziki besarkada estua bidali nahi dio Tamara Muruetagoenari, Estebanen alabari.

1982ko martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Esteban Muruetagoiena ondarroarra, Oiartzungo osasun zentroko mediku titularra zena. Hamar egunez eduki zuten inkomunikatuta, terrorismoaren aurkako legea aplikatuta. Martxoaren 25ean utzi zuten aske, kargurik gabe. Handik hiru egunera hil zen, martxoaren 28an, 38 urte zituela. Iturri ofizialen arabera miokardioko infartu bategatik hil zen, baina autopsiaren txostenak tortura ebidentzia nabarmenak azaleratu zituen.

Gehigarriak

Oiartzungo medikua zen Esteban Muruetagoienak estatu indarkeriaren biktima izanaren aitortza jaso du