Xorrola berria aurreikusten da udazkenerako, ekaineko udalbatzarrean prozesua hastea onartuta

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Pasa berri den ekaineko osoko bilkuran 19 aztergai izan dira. Tartean, datozen hilabeteetan pauso garrantzitsuak ematea eta hainbat beharri erantzutea ahalbidetzen duten eta aho batez onartu direnak daude.

Xorrola garraio zerbitzuaren eta horniduraren kontratazio espedienteari hasiera eman zaio. Kontratu honen bidez, ohiko zerbitzua mantentzeaz gain, Xorrola berria ere erosiko da. Hornidura-epea gehienez ere lau hilabetekoa denez, Xorrola berria udazkenean martxan izatea aurreikusten da. Zerbitzuaren urteko kostua 376.000 eurokoa izango da. Kontratua urtebetekoa izango da, lau urtez jarraian luzatzeko aukerarekin.

Gizarte larrialdietako laguntzara bideratutako aurrekontua %40an handituko da. Izan ere, laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen dituzten eskatzaileen kopurua nabarmen hazi da: 37 eskatzailetik 59ra pasa da. Behar horiek ikusita, 100.000 eurotik 140.000 eurora handitu da laguntza horretarako diru-partida.

Arraguako etxebizitza berrien promozioan aurrera egiteko, sustatzailearekin landutako hitzarmena onartu da. Hitzarmen horren arabera, eremu osoko etxebizitzen %67,7 etxebizitza babestuak izango dira eta, beraz, legeak ezartzen dituen estandarrak gainditu egingo dira. Babestutako 18 eta tasatutako 72 etxebizitza izango dira salmentarako (eraikiko diren etxeen %20 pasatxo). Alokairu sozialeko etxebizitzak, berriz, etxebizitzen %46 izango dira. Etxebizitza-kopurua handia denez gero, zatika eraikiko direla ere jaso da hitzarmenean. Horrez gain, udalak auzotarrentzako lokal egokitu eta hornitua eskuratuko du.

Udala herriko Argitturri energia-kooperatibako kide izango da, Europako, Espainiar Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legediek hala sustatzen dutelako eta, batez ere, Oiartzungo Klima eta Energia Jasangarriaren Tokiko Planarekin bat egiten duelako. Argitturri kooperatiba energia-eraginkortasuna sustatu, energia berriztagarrien erabilera handitu, energia-pobreziaren aurka jardun eta herritarren parte-hartzea sustatzea helburu duen irabazi asmorik gabeko erakundea da.

Gehigarriak

Xorrola berria aurreikusten da udazkenerako, ekaineko udalbatzarrean prozesua hastea onartuta