Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Herrian merkataritza eta negozio-proiektu txikiak sustatzeko iaz martxan jarri zen dirulaguntzak aurten ere izango du segida. Hiru helburu nagusi ditu: herriko merkataritza eta negozio txikien sarea sendotzea, herritarrei eguneroko beharrak auzoetan bertan asetzeko aukera ematea, eta lokal hutsetan proiektu berriak bultzatuz auzoak biziberritzea. Udaletxean bertan (Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan) edo webgunetik eska daiteke laguntza, 2026ko abenduaren 31ra arte.
Dirulaguntzaren ezaugarriak
Xehetasun gehiago iragarki-taulan topa daitezke.
9 onuradun iazko dirulaguntzak
Lehena izan zen iazko deialdiak 9 onuradun izan zituen. Jarduera eta antzinatasun ezberdineko establezimenduak izan ziren. Partidaren %85a erabili zen, 35.000 eurotik 29.400 euro.
“Oiartzungo Udalak herriko merkataritza eta negozio-proiektu txikiak sustatzeko dirulaguntzari eutsi nahi dio”, adierazi du Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak. “Beharra du sektoreak eta beharra du herriak”.
Foru Aldundiak orain gutxi emandako datuen arabera, Gipuzkoan 500 establezimendu itxi dira 3 urtean, 2023tik hona. Oarsoaldea galera handiena izan dutenen artean dago. Aldaketak aldaketa eta zailtasunak zailtasun, tokiko merkataritza atsegin dute herritarrek gaur egun ere. Merkataritzaren behatokiak urtero egiten duen azterketak antzeman du denden desagertzeak eta basamortutze komertzialak gero eta kezka handiagoa sortzen duela gizartean.
“Auzoaren arima”, eskualdeko ekimen bateratua eta herriko dirulaguntzarekin bateragarria
“Auzoaren arima” eskualdeko udalek sustatu, Oarsoaldeko Garapen Agentziak kudeatu eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Zuzendaritzak finantzatutako ekimena da. Ekintzaileei aholkularitza eta laguntza eskaintzea, lokal hutsen jabeak identifikatzea eta pizgarriak eskaintzea, eta lehenak bigarrenekin harremanetan jartzea dira proiektuaren egiteko nagusiak.
Oiartzunen hiru lokal huts (hirurak Altzibarren) daude identifikatuta eta ekintzaile batzuek adierazi dute bertan zerbaiti ekiteko nahia. Lehen loradenda zegoen lekuan estetika-zentro bat irekiko da. Beste bi lokalak ere negoziazio-prozesuan daude, proiektu berriek aurrera egiteko esperantzaz.
“Auzoaren Arima” ekimenaz gain, Oarsoaldeko Garapen Agentziak Eusko Jaurlaritzaren MEC programaz baliatzeko aukera eskaintzen du. Saltokia berritu, ekipamendu berria erosi, webgune bat sortu edo online salmenta martxan jarri nahi duten merkatariek egindako inbertsioaren zati bat errekupera dezakete programa honen bitartez. Laguntzak autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude, baldin eta jarduera nagusia txikizkako merkataritza edo merkataritzarekin lotutako zerbitzuren bat bada.
Oiartzungo Udalak eskaintzen duen dirulaguntza lerroarekin bateragarriak dira Oarsoaldeko Garapen Agentziak eskaintzen dituen baliabideak. “Auzoaren Arimaren bitartez ekintzaileak eta lokal hutsen jabeak lehen pausoa ematera animatu nahi ditu udalak; eta hori eginda, udalaren beraren atea jotzera eskaintzen den dirulaguntzaz baliatzeko. Erronka bat dugu aurrean eta erantzun egin behar diogu. Lehen esan bezala, beharra du sektoreak eta beharra du herriak”, amaitu du Urdampilleta alkateordeak.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika