Elizalde herri eskolaren 50. urteurrenean, harrera instituzionala egin dio Oiartzungo Udalak bertako komunitateari

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Ekainaren 20an ospatu berri du Elizalde herri eskolak Komunitatearen Eguna. Hitzorduaren karietara, Arizmendieneako lorategian elkartu dira Oiartzungo Udaleko ordezkariak eskolako komunitatearekin. Mirari Martiarena gidari, bertso eta dantza artean, Joana Mendiburu alkatearekin batera, hitza hartu dute ikasleek, Aitor Okamika Elizaldeko zuzendari ohiak, jangelako hezitzaileek eta guraso elkarteko hiru lehendakarik (bi ohik eta gaur egungo arduradunak).

Momentu alaia eta hunkigarria izan da, atzera begiratzeko bezala etorkizunera begiratzeko ere balio izan duena. Joana Mendiburu alkateak bere hitzartzean gogora ekarri nahi izan du Elizalde herri ikastetxearen historian herriko auzoek izan duten presentzia. “Eskola nazional izatetik herri ikastetxe izatera pasa da, besteak beste, auzoetako eskola txikietan oinarri soziala topatuta. Auzoetako nortasuna jaso du, herriko familien esentzia eta eboluzio horretan euskarari behar duen lekua eskaintzen asmatu du”.

Horrez gain, azken urteetan, udalak eta Elizalde herri eskolak elkarrekin egindako bidea ere nabarmendu nahi izan du alkateak. “Badakigu hezkuntza-komunitate sendo bat eraikitzea ez dela egun batetik bestera lortzen. Horregatik, legealdi honetan bereziki saiatu gara elkarrizketan, entzutean eta elkarlanaren bidez konfiantzazko eremu bat sortzen. Horren adibide da eskolaren etorkizunari begira landu dugun eta Europako dirulaguntzetara aurkeztu dugun eraberritze-proiektua edo azken urteetan garatzen ari garen transpatioa.” Eta pozik aipatu du aurtengo udan transpatioaren azken zatia berritzeko lanak egingo direla. “Horrela, urteurren berezi hau ospatzen den urte berean, ikasleek eta hezkuntza-komunitate osoak hobekuntza garrantzitsu horren emaitzaz gozatu ahal izango dute” gaineratu du.

Azkenik, dantza eta bertsoei leku egin aurretik, etorkizuneko erronka partekatu batzuk izan ditu mintzagai. “Etorkizunari begira ere, udalaren eta ikastetxearen arteko elkarlanak bere bidea egiten jarraitu behar du, erronka partekatuak ditugulako. Jendartea aldatzen ari da, eta horrekin batera gazteen profilak eta beharrak ere bai. Euskararen egoera soziolinguistikoak kezkatzen gaitu, haur eta familia etorri berrien integrazioa guztion ardura da, eta hezkuntzak inoiz baino garrantzi handiagoa du komunitate kohesionatu eta berdinzale bat eraikitzeko.”

Bazkaltzera joan aurretik otamen batez gozatzeko eta elkarrekin hizketan aritzeko tartea izan dute bertaratutakoek.

 


Oharra: argazkiak Elizalde herri eskolako guraso elkartearenak dira.