Aurreikusi baino lehenago hasiko da Udala herri guztian papera eta ontzi arinak errafiazko poltsetan biltzen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Pasa den azaroan, bi udal taldeek, EAJk eta EH Bilduk, etxeko eta industrialdeetako hondakinen kudeaketa bera eta birziklatze-maila hobetzeko akordioa lortu eta batzorde propioa osatu zuten, hondakinen kudeaketa berraztertu eta hobekuntzarako pausoak zehazteko. Orain hamabost urtetik hona herrian jada martxan den hondakinen bilketa-sistema oinarri, herritarren erosotasuna eta bilketaren eraginkortasuna hobetzeko egokiak eta errealistak diren neurriak proposatzeko, hain justu.

Neurri horietako bat da papera eta ontzi arinak errafiazko poltsa urdin eta horietan biltzea, etorkizunean sortze besteko tasa aplikatu ahal izateko pauso gisa. Bigarren neurria etxeko olioa biltzeko sistema eraginkorragoa eta erosoagoa ezartzea da.

Bi neurri horiek auzoz auzo ezartzen aurreikusi baino lehenago amaituko du Udalak, “herritarren harrera eta erantzun onagatik eta udal teknikarien planifikazio zein kudeaketa finagatik”. Abenduan Elizalden hasitako bidea martxoan Ergoien, Karrika eta Gurutzerekin bukatzea aurreikusten bazen ere, otsailaren 16rako auzo guztiak martxan izango dira: Elizalde, Iturriotz eta Arragua abian dira eta Altzibar, Ugaldetxo, Ergoien, Karrika eta Gurutze otsailaren 16an hasiko dira, bostak batera. Ordutik aurrera, beraz, Udalak herri guztian papera eta ontzi arinak errafiazko poltsetan bilduko ditu.

Altzibar, Ugaldetxo, Ergoien, Karrika eta Gurutzeko herritarrek datozen egunetan jasoko dituzte zintzilikarioetan errafiazko poltsak eta horien barruan, poltsen erabilerarako xehetasunak. Informazio puntuak ere jarriko dira:

  • Ergoien: otsailak 9, Auzokalten (17:30-18:30)
  • Karrika: otsailak 10, auzoko plazan (17:30-18:30)
  • Gurutze: otsailak 11, frontoian (17:30-18:30)
  • Ugaldetxo: otsailak 12, Kalexa plazan (17:30-18:30)
  • Altzibar: otsailak 13, auzo lokalean (17:00-19:00)

Hiriguneko neurriak ezarrita, industrialdeetakoak hurrena

Hondakinen kudeaketa eta birziklatze-maila hobetzeko bi udal taldeek osatutako batzordeak proposatutako hirugarren neurria industria-poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketa Udalak berreskuratu eta optimizatzean datza.

Orain arte San Marko mankomunitatearen bidez egin izan da industrialdeetako hondakinen bilketa. Aurrerantzean Udalak bere gain hartuko du, orain artean baino eraginkorragoa izan dadin birziklatze-mailari dagokionez; eta errentagarriagoa ekonomikoki.

Horretarako, Udala hasia da enpresen beharretara egokitzen den bilketa zerbitzua diseinatzeko azterketa eta diagnostikoa egiten; eta udazkenetik aurrera lan horiek bere gain hartuko dituela aurreikusten da.

Aitzindaria izaten jarraitzeko xedez, aurrerapausoak ematen

“Herritar guztien ohitura onei eta konpromisoari esker”, hondakinen %80ko birziklatze-mailarekin, Oiartzun birziklatze-maila altuenetakoa duten herrien artean dago. Udalak berretsi duenez, “Europako legediak 2035erako aurreikusten dituen birziklatze-mailak Oiartzunen 2010etik betetzen dira, hain zuzen ere atez ateko bilketa-sistema martxan jarri zenez geroztik”.

Trantsizio ekologikoaz hitz egiten den garaian, aitzindaria izan da eta da Oiartzungo hondakinen kudeaketa politika. “Eta hala izaten jarraitu nahi du, aurrerapausoak ematen segiz”, dio Udalak. Europako zuzentarauen arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek hondakinen kudeaketan helburu bat baino gehiago lortu behar dituzte. Bi dira garrantzitsuenak: batetik, 2035erako gutxienez hondakinen %65a birziklatu beharko dute, eta bestetik, 2025erako hondakinen bilketa-zerbitzua ezin da defizitarioa izan erakunde publikoentzat. Bigarren xede horretan sakondu nahi du Udalak, besteak beste, defizitaren karga guztia herritarren lepo ez uzteko.

Udal baliabideak egoki erabili eta herritarren erosotasuna lehentasun gisa mantenduz, Udalak “berresten du hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoa; hartara, trantsizio ekologikoan eta kudeaketa arduratsuaren arloan Oiartzunek etorkizuneko herri aitzindarien artean jarrai dezan”.

Gehigarriak

Aurreikusi baino lehenago hasiko da Udala herri guztian papera eta ontzi arinak errafiazko poltsetan biltzen