Oarsoaldeko zaintza arduratsuaren inklusio sareak Etxekolan prototipoa aurkeztu dugu

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

2018an aktibatu zuen Oarsolan Enplegu eta Inklusio Zentroak Etxekolan zerbitzua, etxeko langileek eta zaintzaileek duin lan egiteko helburuz, eta hortaz, zaintza behar dutenek arta duina jasotzeko. Etxeko lanean eta zaintzan dabiltzan pertsonei eta langile bat kontratatu nahi duten familiei begirako doako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua da.

Jada zortzi urte bete dituen Etxekolanekin aurrera urratsa egin dugu orain, hura prototipatuz. Eskualde mailako baliabideen mapa bat garatu da, Etxekolan beste lurralde batzuetarako ere eredu lagungarria izan daitekeela sinetsita.  Hau da, orain arte egindako bidea oinarritu, dokumentatu eta era eraginkorrean jaso da, tokiko politiketan aplikatu ahal izateko eta beste herri edo eremuetan erabili ahal izateko.

Zaintza duinik ez da, zaintza lana duina ez bada. Zaintza lanak profesionalizatzean lan harreman egokiagoak sortzen dira, baina zaintzarena sektore feminizatu eta prekarioa da, zoritxarrez. Etxekolan zerbitzuaren bitartez horri aurre egiteko baliabideak ezarri nahi dira. Eta euskara ere gehitu nahi da ekuaziora, zaintza lanak prekarizatuak, feminizatuak eta euskararik ez duten pertsonenak izan ohi baitira gehienean. Garrantzia du zaintzeko hizkuntzak, zainduaren hizkuntzak, eta motibo horregatik euskaraz aritzeko baliabideak ere errazten dizkie Etxekolanek zaintzaileei: euskara non eta nola ikasteko informazioa, zaintza eta etxeko langileen zereginei espresuki lotutako hiztegia eta euskarazko prestakuntza ikastaro trinkoak, besteak beste.

Etxekolanen garapena saretzeak ekarri du, eta prototipoa ere hala egin da, saretzetik: SOS Arrazakeriak, Oarsoaldeko lau udalek, eskualdeko garapen agentziak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanetik sortutako lana da. Kutxa Fundazioaren ekarpen ekonomikoa izan du. Etxekolan prototipoaren aurkezpenean izan dira Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea eta egungo Oarsoaldea garapen agentziako presidentea), Teo Alberro (Pasaiako alkatea), Mikel Arruti (Lezoko alkatea), Olaia Lasa (Oiartzungo Udaleko gizarte zerbitzuetako zinegotzia), Marling Castillo (SOS Arrazakeriako ordezkaria) eta Patxi Arrazola (Oarsolanen zuzendaria eta Etxekolanen arduraduna).  

Zaintza, sektore feminizatua, prekarioa eta euskararik gabea

Gipuzkoan 9.040 emakume daude etxeko langile gisa Gizarte Segurantzan erroldatuta (arlo horretako langileen %93 dira), eta horietatik %66 pertsona migratuak dira. Oarsoaldean 436 dira sektore horretan lanean dabiltzanak. Gipuzkoan, etxeko edo zaintza langile horien %36k ez du lan kontraturik, eta %83k lanarekin lotutako osasun ondorioak jasaten ditu. Etxe barruko langileak (internoak) 64 orduz aritzen dira lanean astean, eta dagokiena baino %38,88 gutxiago kobratzen dute.

Gehigarriak

Oarsoaldeko zaintza arduratsuaren inklusio sareak Etxekolan prototipoa aurkeztu dugu