Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Birziklatze-maila hobetzen jarraitzeko lortutako akordioaren berri eman zuten bi udal taldeek aurreko astean. Trantsizio ekologikoan eta etorkizunean jarri dute begirada EAJ eta EH Bilduk proposamen berriak adosterakoan.
Hondakinen kudeaketa osoa berraztertu eta hobekuntzarako pausoak zehaztu dituzte. Gaur azaldu dituzte zein diren abendutik aurrera martxan jartzen hasiko diren berrikuntzak:
Etxeko olioa biltzeko sistema erosoa
Abenduaren 9tik aurrera etxeetan sortzen den sukaldeko olio erabilia birziklatzeko sistema eroso berria jarriko da martxan. Gaur egun olioa jasotzeko auzo ezberdinetan dauden edukiontziak makina berri eta txukunekin ordezkatuko dira (garbigunean orain arteko edukiontzi bat mantenduko da).
Udalak olioa jasotzeko poto bereziak banatuko ditu. Etxeetan olio erabiliarekin ontzi horiek betetzerakoan, makinan utzi eta zuzenean poto berri hutsa aterako da gailutik. Ontzi berezi horiek bakarrik erabili ahal izango dira (ezin da bestelako ontzirik sartu makinan). Makinetan sartzen diren ontziak hustu, garbitu eta berriz makinan sartzen dira, berrerabiltzeko.
Rafiazko poltsekin batera banatuko da olio ontzi berria, etxe bakoitzeko bana. Herritarren Arreta Bulegoan eskatzeko aukera ere egongo da.
Papera eta ontzi arinak, rafiazko poltsetan
Etorkizunean sortze besteko tasa jarri ahal izateko, aurrerantzean papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan aterako dira. Horretarako, etxe bakoitzeko zenbakia duten rafiazko poltsa urdina eta horia banatuko ditu Udalak.
Poltsek 34 litroko edukiera dute. Hondakinak bertara bota eta etxe bakoitzak bere zenbakiko zintzilikarioan utziko ditu. Ontzi arinen kasuan, aukera egongo da rafiazko poltsaren barruan ontziak plastikozko beste poltsan batean sartuta ateratzeko.
Abendutik aurrera joango da aldaketa herrira zabaltzen, auzoz auzo, modu progresiboan. Elizaldeko bizilagunak izango dira lehenak eta abenduaren 15etik aurrera rafiazko poltsetan atera beharko dituzte papera eta ontzi arinak. Ondoren, hilabetez hilabete auzo ezberdinetara zabaltzen joango da sistema berria, egutegi honen baitan:
Rafiazko poltsak etxe bakoitzeko zintzilikarioan utziko ditu Udalak berrikuntza martxan jarri aurreko astean, eta Udaleko teknikariak auzoetara hurbilduko dira edozein zalantza argitzeko (informazio puntuko ordutegia 17:00etatik 19:00etara izango da).
Etxe bakoitzeko poltsa hori eta urdin bana banatuko da (familia ugariei bi), eta aukera egongo da Herritarren Arreta Zerbitzuan bigarren bat eskatzeko.
Hondakinak aportazio guneetara eramaten dituzten baserriek ere aukera izango dute nahi badute rafiazko poltsak eskatzeko. Horretarako bakoitzaren auzoko informazio egun eta tokira joan beharko dute.
Gantxoak zintzilikarioetan
Egun haizetsuetan arazorik ez izateko, zintzilikarioetako gantxoak egokituko ditu Udalak. Izan ere, kuboak hutsik daudenean herriko zenbait kaletan haizeak zintzilikariotik atera izan ditu. Hori gertatu ez dadin zintzilikario guztietan gantxoak jarriko dira, auzo bakoitzean rafiazko poltsen aldaketa martxan jartzen denerako.
Poligonoetako hondakinen bilketa optimizatu
Orain arte San Marko mankomunitatearen bidez egin izan da industriaguneetako hondakinek bilketa, baina Udalak baloratu du une egokia dela zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzeko, poligonoetako bilketa eraginkorragoa izan dadin.
Horretarako, 2026ko udaberrian poligonoetan lanketa egingo du Udalak, enpresen beharretara egokitzen den bilketa zerbitzua diseinatzeko, eta urritik aurrera lan hauek beregain hartuko ditu.
Berrikuntzak azaltzen dituen bideoa egin du Udalak. Ikusi hemen: labur.eus/hondakinenberrikuntzak
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika