Azaroaren 1arekin, urtero bezala, faxistek fusilatu zituzten herritarrak omendu dituzte udal hautetsiek

Lore-eskaintza egin dute EH Bilduko eta EAJ-PNVko ordezkariek herriko hilerrian.

1936ko gerran frankistek hil zituzten oiartzuarrak eta hemen fusilatutako Gipuzkoako beste herrietako bizilagunak gogoan izan dituzte Domusantu Egunean. Kattin Txikiko kideekin eta hainbat herritarrekin batera, lore-eskaintza egin eta bertso batzuk abestu dituzte Oiartzungo Udaleko EH Bilduko eta EAJ-PNVko hautetsiek.

Ehundik gora lagun hil zituzten Oiartzunen frankistek. Asko, kanposantuko hormaren kontra fusilatuta. Euskal Herriaren askatasunaren alde hildakoak omentzeko Peña Ganchegui arkitektoak eraikitako Oroimenerako frontoia hilobi monumentuan egin dute ekitaldia, memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatu eta ahanzturari lekurik ez uzteko.

 

------------------------------------------------

2026ko azaroaren 1ean Oroimenaren frontoian kantatutako bertsoak

“Oroipena zor” (Doinua: Habanera)

Oroitza denak ez dira
iraganean galduak
bihotzean herioa
iltzatu zigun guduak
zenbat diren sutondotik
sufritzera behartuak
zenbat etxetik atera
ta zenbat desagertuak
hilerriko horma_hauetan
kideak fusilatuak
salatzaileak saritu
arma_arrotzez babestuak
garai hartako oihuak
gaur batera askatuak
odol tantak ez baititu
herri honek ahaztuak

Herri osora zabalduz
tiro hotsen oihartzuna
beldurrez eta mehatxuz
gailendu isiltasuna
ilunagoa bihurtuz
beltza zen iluntasuna
hezurrak lurpean eta
airearen hoztasuna
fusilak isildu ziren
isildu gerra jarduna
izan zirelako gara
badugu etorkizuna
oraina gurea da ta
gurea askatasuna
oroitzan azaltzen dugu
herri honen maitasuna

Gehigarriak

Azaroaren 1arekin, urtero bezala, faxistek fusilatu zituzten herritarrak omendu dituzte udal hautetsiek