Herriko hamar eragilek Aroa dekalogoa adostu dute, Oiartzungo trantsizio ekosozialerako bide-orria

Dekalogoa sinatu duen eragileetako bat da udala.

Herriko hamar eragilek Aroa dekalogoa adostu eta aurkeztu dute, klima larrialdiari eta egungo sistema ekonomikoaren eta energetikoaren mugei eta kalteei aurre egiteko Oiartzunek trantsizio ekosozialari heldu behar diola sinetsita. Horretarako oinarrien eta erronken dekalogoa da Aroa, “etorkizuneko Oiartzun eraikitzeko bide-orria, aro berri baterako iparrorratza”, sinatzaileen hitzetan. Elika kooperatiba, Arraztalo kontsumo taldea, Girizia elkartea, Labore elikadura denda, Biyurrienea gazte taldea, Elizalde herri eskolako guraso elkartea, Haurtzaro ikastola, Argitturri energia komunitatea, Oiartzun Burujabe eta udala dira sinatzaile horiek.

Dekalogoa babestu duten eragileek adierazi dute trantsizio ekosoziala erpin asko dituen gaia dela, azken mendean ezagutu eta aldatzen joan den sistema kapitalistak eragin dituen arlo guztietako krisiei erantzun behar zaiela. Beren ustez, bide horretan, Oiartzunek baditu jada hainbat oinarri sendo: naturaren babeserako neurriak, uraren kudeaketa propioa, birziklapen tasa handiak, burujabetza mahai sektorialak, bertako nekazaritza eta abeltzaintza bultzatzeko estrategia, eta energia berriztagarrien lehen esperientziak. Aitzitik, baditu erronka potoloak ere: autoaren erabilera handia, merkataritza gainazal globalizatu eta handiekiko mendekotasuna, kontsumo eredu jasanezina, eta energia iturri nagusia erregai fosilena izatea.

Horiek horrela, Oiartzun bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko egin beharreko bidearen hamar oinarri ezarri dituzte: energia berriztagarriak, garraio jasangarria, kontsumoa gutxitzea, tokiko ekoizleak eta ekoizpena, merkataritza txikia, burujabetza, zaintza, komunitatea, aukera berdintasuna eta erresilientzia. “Aroa dekalogoaren sinatzaileok gure herriko trantsizio ekosozialaren zehar lerroak adostu ditugu, eta elkarlanean, herri gisa eta modu parte-hartzailean horiek babestu zein bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Aro berri bat dator”.

Energia berriztagarriei lotuta azpimarratu nahi izan dute eztabaida ez dela energia berriztagarriak behar ote diren, nola antolatu behar diren baizik. Sinatzaileen hitzetan, plangintza oso bat egin behar da, energiaren sorrera irabazi asmorik gabeko erakundeetara eta entitate publikoetara pasatzeko eta banaketa justuago bat bermatzeko. Energia horrek tokiko komunitatearen kontrolpean egon behar duela eta naturarekiko errespetuz jokatuta lortu behar dela adierazi dute. “Horregatik, Aiako Harria inguruko Repsolen proiektu eolikoekiko (Domiko eta Erreka) mesfidantza adierazten dugu, ingurumenari eta herritarren interesei kalte egin diezaieketelakoan. Era berean, gaur egun eskualdean aztertzen ari diren proiektu eolikoen aurrean lanketa amankomuna egitearen beharra azpimarratzen dugu”.

Atxikimendu-kanpaina eta hurrengo hitzorduak

Aroa dekalogora hala nahi duen eragile, erakunde edo norbanako oro batu daiteke. oiartzunburujabe.eus webgunetik egin daiteke, bertan dago irakurgai dekalogoa eta eskuragarri atxikimendua emateko inprimakia.

Aroa dekalogora batu diren eragileek adierazi dute datozen hilabeteetan bi hitzaldi antolatu nahi dituztela, “gaia presente egon eta hausnarketarako motibo izan dadin”. Aurrerago emango da xehetasunen berri. Hitzaldi horietan ere izango da aukera Aroa dekalogoari atxikimendua emateko.

Aurkezpena Arditurrin

Arditurri aukeratu dute sinatzaileek aurkezpenerako leku. “Aroa izena jarri diogu dekalogoari aro aldaketa bat behar dugulako halabeharrez, paradigma aldaketa bat. Ez da nahikoa gauza jakinak modu isolatuan kuestionatzea, sakonagora jo beharra daukagu”. Eta Arditurriko meategiak eta haren inguruak badute horretatik zerbait sinatzaileen irudiko. “Arditurrik aro aldaketa bat sinbolizatzen du. Iragan industriala duen eremua naturan integratu da, trenbidea bidegorri bihurtu da, eta gaur egun, Aiako Harriaren magalean, natur parke baten parte, gure ondarearen zati eta aisialdirako zein gure ongizaterako arnasgune da”.

Gehigarriak

Herriko hamar eragilek Aroa dekalogoa adostu dute, Oiartzungo trantsizio ekosozialerako bide-orria