Landetxe Kultur Aretoan 20 hitzordu izango dira azaroan; tartean filmak, antzezlanak, kontzertuak, ikuskizunak eta aurrestreinaldiak.
Egun edo hitzordu bat baino gehiagoko ziklo eta jardunaldiek beteko dute azaroa Oiartzunen. Lehen astean, Jardunaldi Kapitalistak iritsiko dira dokumental, film, solasaldi, bazkari eta kontzertuekin. Ondare Jardunaldiek bi hitzordu izango dituzte, herriko kantutegiko harribitxi ezezagunen emanaldia bata eta ondarearen gaineko hitzaldia eta bisita komentatua bestea. Hitzen Lihoa literatur zikloa hilaren bigarren asteburuan iritsiko da emanaldi, jardunaldi, kontzertu, azoka eta bertso-bazkari literarioarekin. Kulturartekotasun jaia azaroaren 14an ospatuko da herriko plazara. V. Munduko Arrozak jaiaren bueltan, jolasgunea, jolas tradizionalen mini olinpiada eta munduko jolasak izango dira goiz zein arratsaldez.
Landetxe Kultur Aretoa izango da azaroko ekitaldi askoren oholtza. Hamar ikus-entzunezko baino gehiago, bi antzezlan, eta sei musika emanaldi daude agendan. Tartean Naza pelikula, “La Bola Negra” filmaren bi emanaldi, Go!azen telesailaren 13. denboraldiaren aurrestreinaldia, Gartxoten kontzertua eta Ansa ama-alaben Artatxuriketan ikuskizuna daude.
Aipatutakoez eta hileroko ohiko hitzorduez gain, Elizalde herri eskolak 50. urteurreneko liburua aurkeztuko du eta Gazte Izanak elkarteak bazkide eguna ospatu. Azaroaren 25aren harira, tratu onaren gaineko saioa egingo da Abaraxka udal ludotekan hilaren 21ean. Laboren arropa truke azokak izango dira, helduena zein haurrena (aurrenekoz azken hori).
Historia eta memoria gustuko dutenek Beloagako gazteluari buruzko jardunaldia, eta Iragorriko hilerrira bisita eta bertan topatutako objektuen erakusketa izango dituzte aukeran. Musikazaleek, berriz, Kantagiltzaren hurrengo hitzorduan Garazi Esnaola hurbilagotik ezagutzeko tartea izango dute Arizmendienean. Harmoniuma eta musika klasikoa ere entzungai izango dira Done Eztebe plazan Azkue Memorialaren XIII. edizioaren programaren barruan. Dantza atsegin dutenek Okzitaniako dantzak ezagutzeko aukera izango dute azaroan.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika