Bizikletak konpontzeko zerbitzua eta mugikortasun jasangarria sustatzeko scape rooma irailaren 21ean

Europako Mugikortasun Astearen harira Foru Aldundiak Gipuzkoan barrena antolatu dituen ekimenen parte dira.

Europako Mugikortasun Astearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro jarriko du martxan “Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin” ekimena, gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin. Irailaren 21ean, astelehena, Oiartzungo Done Eztebe plazara iritsiko da.

Bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua eskainiko da, furgoneta-lantegi baten bidez, 16:00etatik 20:00etara. Mugi txartela aurkezten duten pertsona guztiek izango dute zerbitzua erabiltzeko aukera. 

Aipatutakoaz gain, belaunaldi gazteenengan eragiteko asmoz, mugikortasun jasangarria sustatzeko scape room-a ere izango da herriko plazan. “Misteria Topo Express-ean” jolasak 45-60 minutu arteko iraupena du, eta modu ludiko eta entretenigarrian, garraio publikoaren garrantzia, eta Mugi sistemaren abantailak eta balioak azpimarratu nahi ditu, baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatu ere.

Furgoneta-lantegira hurbiltzen direnek eta scape rooma arrakastaz amaitzen dutenek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita Mugi txartelean 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere. Era berean, Mugi txartela eskatzeko beharrezko laguntza ere eskainiko da.

Gehigarriak

Bizikletak konpontzeko zerbitzua eta mugikortasun jasangarria sustatzeko scape rooma irailaren 21ean