Errenteriako eta Oiartzungo Udalek Oarso Boleibol Taldearekin elkarlana indartu dute eskualdeko boleibola sustatzeko

Boleibol partidak jokatzen hasiko dira Elorsoro kiroldegian, asteburuetan.

2023an Errenterian sortu zen Oarso Boleibol Taldea, nesken lau talderekin. Denbora gutxian hazkunde nabarmena izan du, eta gaur egun nesken 10 talde eta 150 jokalari inguru biltzen ditu, boleibola eta emakumeen kirola sustatuz Oarsoaldean.

Eskualde mailako elkarlanaren aldeko apustua eginez, Errenteriako eta Oiartzungo Udalek elkarrekin jardungo dute Oarso Boleibol Taldearen jarduera sendotzen. Oiartzungo Udalak Elorsoro udal kiroldegiko kantxa utziko dio elkarteari asteburuetan lehiaketako partidak jokatzeko. Aldi berean, bi udalen arteko koordinazioari esker, Errenterian garatzen ari den boleibol proiektua sendotzen lagunduko da.

Oarsoaldeko Eskola Kirolaren eskaintza indartzeko aukera ere emango du lankidetzak. Izan ere, aurreko denboraldian boleiboleko jardunaldia antolatu zen lehen aldiz Beraungo frontoian, eta Oiartzungo instalazioak erabilgarri izateari esker, datorren ikasturtetik aurrera eskaintza adin guztietara zabaltzeko aukera izango da, pista gehiago izango baitira eskura.

Era berean, Oiartzungo Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeek aukera gehiago izango dituzte gorputz hezkuntzako eta aste arteko eskola kiroleko saioetan boleibola sustatzeko.

Eskualdeko haur eta gazteei kalitatezko kirol aukera zabala eskaintzeko konpromisoa

Akordio honek Oiartzungo eta Errenteriako Udalen arteko elkarlana sendotzen du, eta kirolaren bidez eskualdeko haur eta gazteei kalitatezko aukerak eskaintzeko konpromisoa berresten du. Era berean, Oarso Boleibol Taldearen hazkundea eta nesken kirol-jardueraren garapena babesteko urrats garrantzitsua da.

Oiartzungo eta Errenteriako Udalek azpimarratu dute eskualdeko eragileen arteko lankidetza funtsezkoa dela baliabideak optimizatzeko eta herritarren beharrei erantzun egokia emateko. Hitzarmen hau horren adibide argia da: Oarsoaldeko kirol-sarea indartzen lagunduko du, boleibolaren garapena sustatuko du eta emakumeen kirolari bultzada emango dio, eskualde osoaren mesedetan.

Gehigarriak

Errenteriako eta Oiartzungo Udalek Oarso Boleibol Taldearekin elkarlana indartu dute eskualdeko boleibola sustatzeko