Oarsoaldeak eta Gipuzkoako gainerako garapen agentziek energia-trantsizioa bultzatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute Foru Aldundiarekin

Oiartzungo alkate Joana Mendiburu Garaiar izan da Oarsoaldeko ordezkaria.

Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Gipuzkoako gainerako garapen agentziek lankidetza hitzarmen berria sinatu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, 2026-2027 aldian energia-trantsizioaren arloan hainbat ekintza estrategiko garatzeko. Hitzarmenaren bidez, azken urteotan egindako elkarlanari jarraipena emateaz gain, datozen urteetako erronkei modu koordinatuan, eraginkorrean eta bidezkoan erantzuteko oinarriak ezarri dira.

Sinadura ekitaldian izan dira José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Gipuzkoako garapen agentzietako ordezkariak; tartean, Joana Mendiburu Garaiar, Oiartzungo alkatea.

Hala adierazi du Mendiburuk: “energia-eredu jasangarriagoa, bidezkoagoa eta eraginkorragoa eraiki behar dugu. Energia eskubide zein ardura gisa ulertu behar dugu eta horretarako energia-trantsizioa egoki landu behar dugu”. Mendiburuk esan du posible eta beharrezkoa dela energia fosilen garaia itxi eta energia berriztagarrien aro batean sartzea; eta horretarako ezinbertzekoa dela eraldaketa kolektiboa eta ikuspegi zabalekoa izatea, eta herritarrei gaia bere osotasunean ulertzeko gakoak eskaintzea. “Hausnarketa eta debatea ikuspegi oso horrekin egin behar dira; eta horren baitako erabakirik zuzenenak hartu. Trantsizio energetikoa aldaketa ekosozial sakona ere bada”. 

Eskualdetik eta Gipuzkoatik harago, Europatik, Estatutik zein Euskaditik energia-eraginkortasuna eta deskarbonizazioa bultzatzeko egiten ari diren apustuek are garrantzitsuago bihurtzen dute gaur berritu den lankidetza.

2026-2027 aldirako ekintza nagusiak Oarsoaldean

Oarsoaldea Garapen Agentziarentzat hitzarmen hau bat dator prestatzen ari den 2025-2035 Plan Estrategikoarekin. Irailean onartzea aurreikusten den plan berriak eraldaketa energetikoa datozen urteetako lehentasun estrategikoetako bat izango dela jasotzen du, eskualdean energia-eredu bidezkoago eta eraginkorrago baten alde egiteko.

Hitzarmen berriaren bidez, datozen bi urteetan hainbat jarduera estrategiko garatuko dira Oarsoaldean. Horien artean daude:

  • Eskualdeko Energia eta Klima Plan berria prestatzea, datozen urteetako erronkei ikuspegi partekatu batetik erantzuteko.
  • Energia-pobreziaren egoera aztertzea, diagnostikoa osatzea eta arlo honetan lanean ari diren eragileekin batera irtenbide eraginkorrak garatzea.
  • Hirugarren sektoreko mugikortasunaren energia-eraginkortasuna lantzea, eskualde mailako azken kilometroko banaketa jasangarri baterako aukerak aztertuz.
  • 50/50 programa garatzen jarraitzea, ikastetxeetako haur eta gazteen artean energia-aurrezpena eta jasangarritasuna sustatzeko.

Ekimen horien guztien helburua da trantsizio energetikoa bidezkoa izatea, inor atzean utzi gabe, herritarren bizi-kalitatea hobetuz, enpresen lehiakortasuna indartuz eta Oarsoaldea etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoen eskualde gisa sendotuz.

Gehigarriak

Oarsoaldeak eta Gipuzkoako gainerako garapen agentziek energia-trantsizioa bultzatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute Foru Aldundiarekin