18 urtetik gorako langabetuei zuzendutako eskaintza da. Zozketaz aukeratuko dira zaintzaileak.
Xanistebanetan hesien zaintzan eta beste zenbait lanetan laguntzeko 12 pertsona kontratatuko ditu Oiartzungo Udalak. Lan-eskaintzan izena emateko epea irekita dago uztailaren 15era arte.
Lanean aritu ahal izateko lau baldintza bete behar dira: 18 urte beteta izatea, langabezian egotea kontratuaren hasiera datan (abuztuak 1), eskola ziurtagiria izatea eta B2 euskara maila egiaztatzea (ziurtagiririk ez dutenei elkarrizketa egingo zaie).
Izena emateko hiru bide daude: Lanbiden argitaratu den lan-eskaintzan izena emanda, udaletxeko egoitza elektronikotik eskaera aurkeztuta edo Herritarren Arreta Zerbitzura joanda.
Zozketa, uztailaren 17an
Izena ematen dutenen artean, zozketa bidez erabakiko da nortzuk ariko diren laguntzaile lanetan. Uztailaren 17an egingo dute, 15:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Izena eman dutenek zozketara joan beharko dute bertan parte hartu ahal izateko. Ikasketa ziurtagiria eraman beharko dute, baita euskara egiaztagiria ere, baldin badute. Euskara-ziurtagiria ez dutenek han bertan egingo dute elkarrizketa (ziurtagiria ez izanagatik, ez dute elkarrizketa egin beharko aurreko jaietan helburu bererako egindako euskara-froga gainditua dutenek).
Xanistebanetan hesiak zaintzeko lan-eskaintzaren gaineko xehetasun guztiak, hemen.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika