Ekaineko agenda: Kalea hartuko dute musikak, festak eta kirolak

Biyurrienearen Eskertza Eguna, Intxixu Trail, Kantagiltza, auzoetako jaiak eta udaburuko sua izango dira hitzorduetako batzuk.

Eguraldiak lagunduz gero, musikak, festak eta kirolak hartuko dituzte herriko kale, plaza eta parkeak. Ekaineko lehen asteburuan, Biyurrienearen Eskertza Eguna, Itturri merkatari elkartearen Kalia arratsaldea eta Intxixu Trail izango dira. Bigarrenean Ergoiengo jaien txanda izango da eta, hilak aurrera egin ahala, Kantagiltza (Jurgi Ekizarekin) eta Hazi, Hezi, Bizi Eguna iritsiko dira. Ekainaren amaierako urteroko zitak ez dira faltako: udaburuko sua eta San Juan kaleko zein Altzibarko jaiak.

Haurtzaro Ikastolaren Eguna ekainaren 7an ospatuko da. Elizalde eskolaren 50. urteurreneko aitortza ekitaldia, herri bazkaria eta jaialdia, berriz, hilaren 20an. Auntxa trikitixa eskolak ekainaren 13an egingo du bere jaialdia eta Abaraxka udal ludotekak zein gazte topalekuak agur jaiak izango dituzte.

Landetxen, antzerkian aritzen diren ikasleen ikasturte amaierako emanaldi mordoska bat izango dira lehen hamabostaldian. Zinegoak nazioarteko LGBTQ+ zinemaldiaren urteroko emanaldia ere izango da. “Between Goodbyes” filma izango da ikusgai. Dokumental, film labur eta antzezlan eta pelikula gehiago badira Landetxe Kultur Aretoaren ekaineko programazioan.

Liburu-aurkezpen bana izango dira Arizmendienean eta udaletxeko areto nagusian ekainaren 3an eta 5ean. III. Antxin Ezkerro Memorialeko pilota partidak hilaren 14an eta 21ean jokatuko dira, egun osoz. Zaintzadiren hileroko hainbat hitzordu, larunbateroko Arizmendieneako bisita gidatuak eta Abittuk ostegunero eta ostiralero antolatzen dituen Ttipi-Ttapa ibilaldiak ere badira ekaineko agendan.

Ikusi hemen ekaineko agendako hitzordu guztiak

Gehigarriak

Ekaineko agenda: Kalea hartuko dute musikak, festak eta kirolak

Fitxategiak