Lanen kostuaren ia %80 Europatik lortutako dirulaguntza batekin finantzatuko da.
Urtero berritzen da ur kontagailuen flotaren zati bat, zahartu ahala datuak ez dituztelako ongi irakurtzen eta legeak berak ere aparatuak 12 urtez behin errebisatzea edo aldatzea eskatzen duelako. Aurten flotaren %20a berrituko da, herrian dauden ur edangarriaren 4.700 aparatutatik 920. Aldatuko diren dispositiboak urrutiko kontrol bidezkoak dira, irrati-irakurketa teknologiadunak. Horrek neurketak zehatzagoak eta azkarragoak izatea ahalbidetzen du, antena batekin ingurutik pasatzea nahikoa baita.
Aipatutako lanek 73.700 €ko aurrekontua dute eta ia %80a Europatik lortutako dirulaguntza batekin finantzatuko da. Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoaren (PERTE) eta NextGenerationEU-k finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren markoan, uraren hiriguneko zikloak hobetzeko proiektuei dagokien dirulaguntza lortu du udalak Jaurlaritzaren Ura Agentziaren bitartez. Dirulaguntzaren helburuetako bi uraren zikloa modernizatzea eta eraginkortasuna hobetzea dira. Uraren hiri-zikloaren kudeaketa integrala da uraren eta energiaren erabileran efizientzia sustatzeko modurik onena; eta digitalizazioa, horretarako neurri bat.
Proiektu honek NextGenerationEU dirulaguntzaren babesa jaso du:
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika