Ezohiko udalbatzarra egin da, erantzukizun eta ardura instituzionaletik udala 2026-2027 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoan integratzea eskatzeko.
Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoak Urmendiren etorkizuna apirilaren amaieran egingo duen Zuzendaritza Batzordean landuko duela jakin berritan, beharrezko tramite gisa, ezohiko osoko bilkura egin da apirilaren 21ean. Oiartzungo Udala 2026-2027 ikasturtean Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskatu da ezohiko udalbatzarrean, erakunde publiko bati dagokion ardura eta betekizun instituzionaletik eta Urmendi Udal Ikastola Partzuergoaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko xedez.
Eskaera honek ez du baliogabetzen otsaileko osoko bilkuran Hezkuntza Sailari egindako proposamen lehenetsia, alegia, Haurreskolak Partzuergoa Urmendi Udal Ikastola Partzuergoan integratzeko aukera. Haatik, proposamen lehenetsiaren gaineko lanketa juridiko-administratiboak egiteko behar besteko denbora izateko aukera ematen du. Honenbestez, Haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskaerarekin batera, Haurreskolak Partzuergoari eskatu zaio proposamen lehenetsiari ere erantzuteko.
Aho batez onartu da Oiartzungo Udala Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskaera. Bozketaren aurretik, EH Bilduko zinegotziek, banan-banan, baiezko botoa erantzukizun eta ardura instituzionaletik emango dutela adierazi dute, ez konbentzimenduz.
Urmendi herri proiektuari eusteko muturrerainoko ahalegina
2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak ahoz jakinarazi zuen udal haur eskolei egiten zaien ekarpena bertan behera utziko zuela eta Haurreskolak Partzuergoan sartzeko gonbita egin zien. Urmendi haur eskolak udal aurrekontuan duen eragina ikusirik, Oiartzungo Udalak ondorioztatu du Hezkuntza Sailaren babesik gabe ezinezkoa zaiola duela 30 urte sortutako Urmendiri, herriko Udal Ikastola Partzuergoari, bere horretan eustea.
Horiek horrela, 2026ko otsaileko ohiko osoko bilkuran Haurreskolak Partzuergoa Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzea proposatu zitzaion Hezkuntza Sailari. Otsailaren amaieran aurrez aurreko bilera izan zuen udalak Hezkuntza Saileko eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkariekin. Martxoaren erdialdean legebiltzarkideak Urmendin izan ziren proiektua bertatik bertara ezagutzen, udalak gonbidatuta. Erantzun ezagatik, martxoko ohiko osoko bilkuran 10 laneguneko epean erantzuteko eskatu zion udalak Hezkuntza Sailari eta epe horren barruan Haurreskolak Partzuergoak jakinarazi zion udalari eskaera apirilaren amaierako Zuzendaritza Batzordean landuko duela. Horren jakitun, ezohiko osoko bilkura egin da apirilaren 21ean, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilera baino lehen.
Joana Mendiburu: “Herriari izaera ematen dioten proiektuak kudeatzen jarraituko dugu”
Oposizioak lanketa presaka eta narrats egitea egotzi zion gobernu-taldeari eta horrelako proposamenek familiei ziurgabetasuna eragiten dietela.
Egoera konplexua izanagatik, Joana Mendiburu alkateak berretsi zuen Oiartzungo Udalak urte asko daramatzala herriari nortasuna ematen dioten proiektu aitzindari eta berritzaileak kudeatzen. Urmendi horietako bat dela aipatu zuen eta, horregatik, “udalak azken muturrerainoko ahalegina egin du eta egingo du etorkizuneko hezkuntzan eredu izan dadin”, horrek lanketa zail eta konplexuak eskatzen baditu ere. “Neurrira egindako proiektuek berekin dakartzate konplexutasuna eta zailtasuna, baina hori da hain zuzen ere udalaren egitekoa: zailtasunak gainditu eta etorkizuneko bisioz eta ikuspegi lokalez sortutako proiektuak kudeatzea”, adierazi du. Era honetako proiektuak gauzatzeko beharrezkoa da “egunero-egunero lanean fin aritzea, herria bizitzea, herrian egotea eta herritarrekin eskuz esku lan egitea”.
Ezohiko udalbatzarra jendetsua izan zen eta alkateak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika