Zozketa publikoa izango da eta apirilaren 29an egingo da, 10:00etan pleno aretoan.
Alegazio epea itxita, onartu berri da alkate dekretuz etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketarako eskatzaileen behin betiko zerrenda. 190 familia-unitate daude behin betiko zerrendan. Denek dute zerrenda ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez (ikusi zerrenda).
Zerrendan daudenen errolda (Oiartzunen erroldatuta daudela) eta etxe-premia datuak soilik gainbegiratu dira. Esleipenduna izaten denak etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe-premia duela ziurtatzeaz gain, diru-sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du. Zozketa egin eta 20 eguneko epean (10 eguneko luzapena eskatzeko aukerarekin), beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die esleipendunei udalak. Epe horretan eskatutako agiriak aurkezten ez badira, uko egin dela ulertuko da eta itxarote-zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketan Altzibarko Olalde etxadian dauden bigarren eskuko bi etxebizitza zozkatuko dira, hiru logelakoak bata zein bestea. Trastelekua eta garajea ere badituzte. 275.000€ eta 280.000€ko behin behineko prezioa dute (BEZik gabe).
Zozketa apirilaren 29an
Zozketa apirilaren 29an egingo da, goizeko 10:00etan pleno aretoan. Publikoa izango da, hala nahi duen edonor joan daiteke.
Behin betiko zerrendan dagoen interesdun bakoitzak zenbaki bat du esleituta (behin betiko zerrendan azaltzen da). Zenbaki horiek izango dira ontzian sartuko direnak. Bigarren ontzian etxebizitzen txartelak sartuko dira. Zozketa bakarra egingo da, zozkatuko diren bi etxebizitzek ezaugarri berdinak baitituzte (auzoa, logela kopurua eta bigarren eskukoa).
Saioa bukatzeko, itxarote-zerrenda osatzeko zozketa egingo da, onuradunen batek uko egin edo arauren bat beteko ez balu, hala dagokion etxebizitza zeini esleitu erabakitzeko. Itxarote-zerrenda ere bakarra izango da.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika