Oiartzungo hitzordu hau izango da Eusko Jaurlaritzaren Berdindu Ibiltaria LGTBIQ+ arreta zerbitzuaren lehen geldialdia Oarsoaldean
Berdindu Ibiltaria, Eusko Jaurlaritzaren LGTBIQ+ arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua, apirilaren 14an Altzibarko eskola zaharrean izango da 10:00-13:00 eta 16:00-19:00 artean. Kolektiboko kideentzako, haien ingurukoentzako zein hala nahi duen herritar ororentzako zerbitzua da eta alor ezberdinetako laguntza eska daiteke: juridikoa, osasunari lotutakoa, psikologikoa… Nahitaezkoa ez den arren, Berdindu Ibiltarirako aurrez hitzordua hartzea aholkatzen da berdindu.gipuzkoa@euskadi.eus edo oiartzun@oiartzun.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Berdindu zerbitzu iraunkorra Donostian
Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzua orain 25 urte jarri zen martxan eta Donostian (Mikelete pasealekua, 20), Bilbon eta Gasteizen ditu bulegoak. Asteartetik ostiralera egoten dira zabalik. Harremanetan jartzeko 945 01 80 00 zenbakira dei daiteke, Telegramez 688 67 12 34 zenbakira idatzi edo berdindu.gipuzkoa@euskadi.eus helbide elektronikora mezua bidali.
Berdindu zerbitzuak iaztik zerbitzu ibiltaria ere eskaintzen du: Berdindu Ibiltaria. Zerbitzu ibiltariaren asmoa eskaintza deszentralizatzea da, hiriburuetan bizi ez diren herritarrei ere eskaintza eskuragarriago jartzea. Martxan denez geroztik, Berdindu Ibiltaria Gipuzkoako lau herritan egon da eta Oiartzungoa izango da Oarsoaldeko lehen geldialdia.
Oiartzungo Udala, bidea egiten
Oiartzungo Udalak denbora darama sentsibilizazio feministan lanean. Kontzientzia kritikoa bultzatu nahi du sexua-generoa dikotomiaren, heteronormatibitatearen, sexu-orientazio aniztasunaren, genero identitatearen eta diskriminazio adierazpen eta modu ugarien gainean ere.
“Zaintzaren, ongizatearen eta elkarbizitzaren aldeko lana dela sinisten du udalak, eta erantzun egin nahi dio erronkari”, adierazi du Olaia Lasa Olaziregi ongizate zinegotziak. “Lege aldaketa eta aurrerapen sozial asko lortu diren arren, LGTBI pertsona askok diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeriari aurre egin beharrean jarraitzen dute, eta erantzun egin behar zaio egoera arbuiagarri horri”, gehitu du Lasak. “Udalak esparru horretan lanean ari diren kolektibo eta pertsona guztiak aitortu eta eskertu nahi ditu, eta LGTBIQ+ mugimenduak antolatzen dituen egitasmoak babesteko deia egiten die herritar guztiei”.
Berdindu Ibiltariaren apirileko estreinako hitzorduaz gain, udalak Gozagunea sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Topagunean hilean behin, eta ekainero Zinegoak nazioarteko LGBTQ+ zinemaldiaren emanaldia Landetxen 2018az geroztik.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika