Ikus-entzunezkoak, literatura eta haurrentzako zein erretiratuentzako hitzorduak dira nagusi egutegian.
Martxoaren 8a igandea izango da aurten eta tamainako proposamena egin du Oiartzungo Feministen Asanbladak: manifestazioaren ondoren, bazkaria eta Bea Egizabalen “Gregoria” bakarrizketa Girizia elkartean. Eskolaren 50. urteurreneko programaren parte, Elizalde herri eskolak nesken herri-kirol ikuskizuna ere antolatu du arratsalderako.
24. Korrika hilaren 24an (goizaldean) pasako da herritik eta aurrez hainbat hitzorduz gozatzeko aukera izango da. “Kaka” antzezlana izango da Landetxen martxoaren 1ean; erraldoien kalejira, peto-banaketa, bazkari herrikoia, eta bertso musikatuak eta euskal dantza 14an; eta Korrika Txikia 23an.
Esandakoez gain, bost filma, “Laburbira” film laburren emanaldia eta dokumental bat ikusteko aukera izango da Landetxen. Baita adin guztietarako hitzordu literarioez eta antzezlan (“Pinpilipauxa horiak”) eta bakarrizketa (Zuhaitz Gurrutxagaren “Nortasun Agiria”) banaz gozatzekoa ere. Haurrentzako, besteak beste, ipuin-kontaketa bat, amonentzako eskertza eta mineral fluoreszenteen tailerra izango dira; ezin ahaztu martxoaren amaieran ekingo diola Abaraxka udal ludotekak udaberriko oporretako hitzorduei. Erretiratuek, aldiz, beste zita batzuen artean, Fournier karta-sorten fabrikara bisita gidatua egingo dute.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika