Osakidetzak aintzat hartu du Lartzabalen lehen arretako osasun-zentro bat jartzeko Oiartzungo eta Errenteriako udalek modu bateratuan egindako proposamena

Bi herrien beharrei erantzuna emango dien anbulatorioa diseinatzeko elkarlanerako borondatea adierazi dute alkateek.

Oiartzungo eta Errenteriako udalek proposamen bateratua aurkeztu diote Osakidetzari, bi udalerrien arteko mugan dagoen Lartzabal auzoan lehen arretarako osasun-zentro berri bat martxan jartzeko. Izan ere, herritarren eskaerak aintzat hartuta eta etorkizuneko behar berriak aurreikusita bi udalek egoki baloratu izan dute gaur egun bigarren mailako arretako anbulatorioa den horretan lehen arreta ere eskaintzea.

Errenteriak gaur egun bi lehen arretako osasun-zentro ditu, Iztietan eta Beraunen, eta Iztietakoa, gainera, Etengabeko Arreta Gunea (EAG) da Oarsoalde osorako. Oiartzunek, berriz, lehen arretako osasun-zentro bakarra dauka herrigunean, eta larrialdietarako erreferentzia nagusia Errenteriako Iztietakoa da.

Bi udalerriek elkarrekin 50.000 biztanletik gora dituzte gaur egun, eta Oarsoaldeak, Pasaia eta Lezorekin batera, ia 72.000 herritar biltzen ditu. Testuinguru horretan, udalen esanetan, lehen arretako osasun-azpiegiturek gero eta presio handiagoa dute, bereziki, Errenteriako Iztietako Osasun Zentroak, espazio-arazo nabarmenak baititu, bai kontsultetan, bai itxarongeletan.

Biztanleriaren hazkundeari erantzun

Oiartzun eta Errenterian aurreikusitako hiri-garapenek eskatzen dituzten azpiegiturak eta zerbitzu publikoak dimentsionatzeko lanean ari dira bi Udalak. Oiartzungo kasuan, Arragua biziberritzeko eta auzoaren etorkizuna bere osotasunean lantzeko proiektua gauzatzen ari da Udala. Etxebizitza promozio berriak, azpiegitura egokiak, zerbitzu anitzak eta garraio antolaketa txukun bat bermatu nahi ditu, eta bide horretan beste erakunde batzuekin ere elkarlanean ari da.

Testuinguru horretan, Lartzabalen lehen arretako osasun-zentro berri bat zabaltzea “erabat justifikatua” dela uste dute alkateek. Kokapenak bi udalerrien beharrak batera asetzeko aukera ematen duela azpimarratu dute, eta, gainera, gainerako osasun-zentroekiko banaketa geografiko orekatuagoa ahalbidetuko lukeela. Horrez gain, egungo Lartzabalgo anbulatorioak handitzeko aukerak eskaintzen dituela nabarmendu dute.

Osasun arreta orekatuagoa

Udalek egindako kalkuluen arabera, Lartzabalgo osasun-zentro berriak 11.500 biztanle ingururi emango lieke arreta. Oiartzungo kasuan, Arragua-Ugaldetxoko bizilagunei arreta ematea proposatzen du Udalak. Era berean, Errenteriako Agustinak, Gabierrota, Lartzabal, Fanderia eta Zamalbideko bizilagunak artatuko lituzke. Horrek Iztietako osasun-zentroaren gainkarga arintzea ekarriko luke, 4.000 paziente inguru gutxiagorekin.

Edonola ere, bi udalek azpimarratu dute proposatutako biztanle-banaketa orientagarria dela, eta Osakidetzarekin elkarlanean bestelako aukerak aztertzeko prest agertu dira, besteak beste, Etengabeko Arreta Gunearen kokapena berrikusteari dagokionez. Helburua argia dela azpimarratu dute: eskualdeko herritarrei kalitatezko osasun-arreta bermatzea, etorkizuneko beharrei aurrea hartuz.

Osakidetzaren erantzunarekin pozik Udalak

Duela zenbait hilabete luzatu zioten bi udalek elkarrekin proposamena Osakidetzari. Harrera ona izan du proposamenak alkateen esanetan, eta dagoeneko Osakidetzako teknikariek bisita egin dute udal teknikariekin batera proposamenaren bideragarritasuna aztertzeko.

Gainera, aurreko astean aurkeztu zuen Osakidetzak datozen 6 urteetarako azpiegituretan egin asmo dituen inbertsioen plangintza. Dokumentu horretan dagoeneko ageri da Errenterian esku hartzeko proposamena, gaur gaurkoz oraindik kokapen zehatza zehaztu ez badu ere. Testuinguru horretan Lartzabalgo Lehen Arretako osasun zentroa martxan jartzeko aukera dagoela azpimarratu dute bi alkateek.

Gehigarriak

Osakidetzak aintzat hartu du Lartzabalen lehen arretako osasun-zentro bat jartzeko Oiartzungo eta Errenteriako udalek modu bateratuan egindako proposamena