Ebaluatzaileen arabera, egungo egoera norabide eta estrategia argi eta sendoaren emaitza da.
Oiartzungo Udalak Bikain ziurtagiriaren Goi Mailako (urrezko) aitortza eskuratu du, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketan egindako lanagatik. Esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ziurtagirian 888 puntuko emaitza lortu du, eta horrek goi mailako garapena egiaztatzen du. Atzo egin zen ziurtagiri banaketa ekitaldia Gasteizen, eta bertan izan ziren Joana Mendiburu alkatea eta Aiako Harria Gaztelumendi Hizkuntz normalizaziorako zinegotzia, Udalaren izenean saria jasotzen.
Ebaluatzaileek bereziki azpimarratu dute Udalak urte luzez euskararen normalizazioan egindako ibilbidea eta izan duen ikuspegi estrategikoa, bai herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bai euskara lan-hizkuntza gisa sendotzeko. Euskara Udalaren eguneroko jardunean erabat normalizatuta dagoela nabarmendu dute. “Udalak euskaraz funtzionatzen du naturaltasunez, eta lan- zein zerbitzu-hizkuntza nagusia euskara da”. Ebaluatzaileen arabera, gaur egungo egoera "urte askotako lanaren, urtez urte hartutako erabakien eta egindako hobekuntzen emaitza zuzena" da, eta horrek euskararen erabilera "sendotu eta errotzea" ekarri du.
Halaber, azpimarratu dute udal langile guztiek dutela euskaraz lan egiteko gaitasuna, eta, ezagutza ez ezik, jarrera ere euskara erabiltzearen aldekoa dela. Horri esker, Oiartzungo herritar orok bermatuta dauka Udalarekin harremanak —ahoz zein idatziz— euskaraz izateko eskubidea.
Euskararen erabileran trakzio-lana
Txostenak azpimarratzen du, gainera, Oiartzungo Udalak trakzio- edo bultzada-lana egiten duela euskararen erabilera sustatzerakoan. “Herritarrentzako eskaintza kulturala, hezkuntza-arlokoa eta informazio-kanalak ia erabat euskarazkoak dira, eta horrek Udalaren konpromiso irmoa eta ikuspegi estrategikoa erakusten ditu”.
Ebaluazioan jasotzen denez, Udalak euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko plangintza eta irizpide egonkorrak ditu, eta kudeaketa sistematizatzeko urrats sendoak eman ditu. Etorkizunera begira, ebaluatzaileek hobekuntza gisa proposatu dute, besteak beste, hitzarmen eta kontratuetan txertatutako hizkuntza-klausulen jarraipena indartzea.
Urrezko Bikain ziurtagiriak berretsi egiten du Oiartzungo Udalak aspalditik, ikuspegi argi batekin eta epe luzeko apustu sendoz egindako euskalduntze-lana, eta bide horretan jarraitzeko sendotasuna eta konfiantza ematen dizkio erakundeari.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika