Euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak elkartu nahi ditu, astean ordubetez, euskara praktikatzeko.
Ikasturte honetan, Intxixuko AEK-k eta Oiartzungo Udalak Mintzalagun egitasmoa jarriko dute abian. Euskaldunon sarea indartzea dute helburu: egunero hizkuntzan trebatzen diren, praktikatzen duten eta euskaraz bizi diren guztien sarea; hots, euskararen komunitatea.
“Norbanakoek duten eragiteko ahalmena eta hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina; gure herritar askorena” adierazi dute. Izan ere, Oiartzun udalerri euskalduna izan arren, herritarren erdiak baino gutxi gehiagok, %53,3k, darabilte euskara egunerokoan; hori diote azken soziolinguistika datuek. Hortaz, errealitate horretan eragin nahi dute, eta horretarako “bere garaian aktiboak ziren mihi horiek berraktibatzeko gune eta uneak” sortu. “Mintzapraktika-programetan ez dago, ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... sortzen diren taldeetan guztiok euskaraz gustura, eroso, eta lasai aritzea da helburua, eta, hartara, euskaldunon komunitatea indartu eta saretzea”.
Ez da egitasmo berria herrian, 2005-2006 ikasturtean zein besteren batean bikoteka elkartzeko egitasmoa izan baitzen martxan.
Bidelariak eta bidelagunak
Bi bidaide mota barnebiltzen ditu egitasmoak:
Taldetan elkartuz, astean ordubetez euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak elkartzen ditu, astean ordubetez, euskara praktikatzeko. Talde bakoitzak erabakitzen du noiz, non eta zertarako bildu: dela kafetxo bat hartzeko, bidegorrian ibiltzeko, edota auzoan hizketan aritzeko. Euskara eroso bizitzea baita gakoa. Gainera, taldeez gain, hileroko ekintzak ere antolatuko dira euskarazko aisialdia sustatzeko: asteburu pasak, txangoak, tailerrak, hitzaldiak, mintzodromoak...
“Gure herritarren hizkuntza-ohituretan eragin nahi dugu, eta honako egitasmoak bide ematen du euskara dakitenek praktikatzeko, ikasten ari direnak hobetzen jarraitzeko, lagunak egiteko zein lotsak kentzeko” nabarmendu dute. Guztiz doakoa da; Udalak finantzatuko baitu egitasmoa.
Herritar guztiak animatu dituzte parte-hartzera, “euskararen komunitatea indartzen eta zabaltzen jarrai dezagun”.
Argazkian, Oiartzungo Udaleko eta AEK-ko kideak.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika