UEMAren deialdiarekin bat egin eta elkarretaratzea deitu du Oiartzungo Udalak biharko

12:00etan izango da, ‘Euskararekin bat’ lelopean, udaletxearen aurrean.

Euskararen aurkako azken epaia salatzeko eta gure hizkuntzak justizia behar duela aldarrikatzeko UEMAk larunbat honetarako deitutako elkarretaratzeekin bat egin du Oiartzungo Udalak ere.

Eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere, euskara lehenesteko legeak ematen dituen aukerak bertan behera utziz.

Joana Mendiburu alkateak eta Janire Mitxelena EAJ-PNV taldeko bozeramaileak adierazi dutenez, epaia “oso larria” da. “Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere bada, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen du”. Gainera, epaiak batez ere Oiartzun bezalako udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela nabarmendu dute.

Elkarretaratzea, bihar

Bi udal taldeek bat egin dute UEMAk larunbat honetarako (uztailak 19) deitu duen elkarretaratzearekin. Hala, eguerdiko 12:00etan Oiartzungo udaletxearen aurrean elkartzera animatu dituzte herritarrak, ‘Euskararekin bat’ lelopean. “Ez diogu uko egingo euskaraz bizitzeari”, gaineratu dute.

Gehigarriak

UEMAren deialdiarekin bat egin eta elkarretaratzea deitu du Oiartzungo Udalak biharko