Doneztebe plazara banaketa ibilgailuen sarrera mugatuko da astelehenetik aurrera, herritarrentzako espazio atseginagoa izateko

Zamalanak egiteko gune berriak atondu dituzte inguruan.

Oiartzuarren elkargunerako espazio garrantzitsuenetarikoa da Doneztebe plaza. Herritarrentzako gune atsegina eta segurua izatea da Udalaren helburua, eta horregatik ahalik eta ibilgailu gutxien ibiltzea nahi du. Udalaren mugikortasun planean ere jasoa dago oinezkoei lehentasuna eman behar zaiela eta, Doneztebe plaza bada eremu horietako bat. Hala, taxi geltokia Yon Oñatibia etorbidera lekualdatu zuen duela hilabete gutxi, eta udal ibilgailu gehienak ere ez dira plazatik pasatzen gaur egun.

Zamalanetako furgoneta eta kamioen joan-etorriak ere gutxitu nahi ditu, batez ere jende gehien ibiltzen den uneetan. Horregatik, astelehenetik aurrera plazara sartzeko ordutegia mugatuko da. Goizeko 8:00etatik 12:00etara bakarrik izango dute zamalanetako ibilgailuek plazara sarbidea (astelehenetik ostiralera). Gainera, ordutegi horren barruan, berariaz markatu duten tokian utzi beharko dituzte ibilgailuak.

 Zamalanetako ibilgailuentzako gune berria Iparralde etorbidean

Garraiolari eta banatzaileen lana errazteko, Udalak plaza inguruan zamalanetarako gune berriak prestatu ditu. Ordutegi zabalagoa izango dute: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara. Tarte horretan ezingo dira bertan autoak aparkatu.

Rafael Pikabea kalean zamalanetarako gordeta dagoen gune bat ere badagoela gogorarazi du (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara egongo da erabilgarri hau ere).

Gehigarriak

Doneztebe plazara banaketa ibilgailuen sarrera mugatuko da astelehenetik aurrera, herritarrentzako espazio atseginagoa izateko