Uda honetan etor zaitez Tren Berdean Arditurrira!

Aurten ere uztailean eta abuztuan trena eta meazuloko sarrera prezio berezian eskainiko dira

Udan zehar ihesaldi txiki bat egin nahi dutenentzako Oiartzungo paraje naturaletan murgiltzeko plan ezin hobea proposatu nahi dizuegu: Arditurriko meatze gunera Tren Berdean joateko aukera prezio murriztuan, uztaileko eta abuztuko asteazkenetan. Bi irteera-txanda eskainiko ditu trenak asteazkenero.

Familian egiteko plan ezin hobea da hau, izan ere, adin tarte guztientzako egokia baita. Haurrek, gaztetxoek zein helduek Oiartzungo naturaz, baserri-auzoez eta meatze-aztarnez gozatzeko aukera bikaina izango dute.

Tren Berdea Elizaldetik abiatuko da, Oiartzungo hirigune historikoan dagoen Doneztebe plazatik hain zuzen. Paisaia zoragarriez gozaraziko digun 45 minutu inguruko ibilbide atsegin bat egingo du Oiartzungo naturgunean murgilduz. Oiartzun ibaiari jarraituz eta Aiako Harria aurrean dugula, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraiatzeko trenbide zaharra, egun Tren Berdea dena, bidelagun izango dugu. Azken zatian, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko da bidaia.

Behin Arditurrira iritsita, ksakoak jantzi eta meazuloan sartzea da plana. 180 metroko pasabidean barneratuz, iluminazio eta soinu jokoek giro magikoa sortuko dute eta gida baten eskutik bertako historia eta garai ezberdinetako aztarnak azalduko dira. 

Esperientzia ahaztezin hau borobiltzeko, trenean itzuliko gara Doneztebe plazara, irteera-puntura. Eta behin Oiartzunen gaudela, ezin galdu bertako gastronomiaz gozatzeko aukera!

Beharrezkoa da sarrera aldez aurretik erreserbatzea. Horregatik, uztaila eta abuztuan egunero zabalik izango den Oiartzungo Turismo Bulegora jo daiteke (aurten Turismo Bulegoa Arizmendie-enea etxean kokatuko da):

Aialde, 4

943 50 89 13

turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus

edo www.arditurri.com-en bidez ere egin daitezke erreserbak.

Ordutegiak:

Irteerak Oiartzungo Doneztebe plazatik, 10:00etatn eta 11:15ean.

Prezioa Trena + Arditurri:

12-64 urte: 10 €

5-12 urte eta 65 urtetik gorakoek edo 10 lagun baino gehiagoko taldeek: 8 €

1-4 urte: 3 €

Nola iritsi:

Donostiatik autobusez: E02 linea 20 minuturo

Donostia edo Hendaiak Euskotrenen: 15 minuturo (Arraguako geltokira)

Oharrak:

Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Musukoa beharrezkoa da.

 

 

Gehigarriak

Uda honetan etor zaitez Tren Berdean Arditurrira!