Maiatzeko ohiko udalbatzarrean gai guztiak ahobatez onartu ziren

Maiatzeko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Landu ziren gai guztiak ahobatez onartu zituzten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek.

Oiartzungo uraren kudeaketarako Udal Erregelamendu berria onartu zen, aurreko araudiak 50 urte baino gehiago baititu eta egokitu beharra zegoelako bai legedi berrietara eta baita sistema eta lan-molde berrietara. Erregelamendu berria jendaurrean egongo da 30 egunez.

Oiartzungo herriak ur sistema propioa du, Udalak kudeatzen duena, baina zenbait zerbitzu (giza kontsumorako uraren kontrola eta zaintza) Añarbeko Urak-ek gauzatzen ditu. Udalak eta Añarbeko Urak-en arteko hitzarmena berritzea onartu zen atzo.

Protokolo gasturik ez maiatzean

Oarsoaldea Garapen Agentziari 2021ean Oiartzunek egingo dion ekaprnea ere onartu zen: guztira, 383.493,97 izango dira. Industria berrikuntza; pertsonen arreta; lan-munduratzea; turismoa; hiri berriztapena; kontsumoa; euskara; etxebizitza... arloetako programak bideratzen dira Oarsoaldeatik.

2022ko jai egun ofiziala izango dena ere izendatu zen: abuztuaren 3a (asteazkena).

Maiatzean protokolo gasturik ez dela izan ere jakinarazi zen.

Eskari-galderetan, EAJren "kezka eta tristura asteburuetan ikusten ari garenarekin"

Galdera-eskaeren txandan, Janire Mitxelena EAJko zinegotziak "tristurua eta kezka" adierazi zituen, "alarma egoera bukatu denetik asteburuetan ikusten ari garenarekin". Hori dela eta, "bizikidetzaren aldeko neurrietan ondoan" izateko prest daudela esan zion Gobernu Taldeari, "halakorik errepika ez dadin".

Jexux Leonet alkateak esan zuenez, "oiartzuarren gehiengoaren jarrera eredugarria izan da" azken urtebetean, nahiz eta onartu zuen "kolektibo desberdinetan eta une desberdinetan jarrera desegokiengatik kezka" badagoela. Udalak kolektibo ezberdinekin elkarrizketa sustatu eta bizikidetza bermatzeko neurriak hartzen jarraituko duela gehitu zuen.

Udari begira ere jarri zen Leonet: "Aurten ere festak ez dira izango. Horregatik, Kultura sailetik dagoeneko lanean ari dira oiartzuarrentzako eskaintza prestatzeko".

Gehigarriak

Maiatzeko ohiko udalbatzarrean gai guztiak ahobatez onartu ziren