Turismo Bulegoak jaso dituen bisitari kopurua hazi egin da Aste Santuko egunetan

Oiartzun COVID19aren eremu gorrian sartu izanak oporraldiko bigarren astean eragin zuzena izan du

Oiartzungo Turismo Bulegoak irekita egon den bi asteetako balorazioa egin du (apirilaren 1etik atzo arte). "Orokorrean, balorazioa ona da, batez ere lehenengo astean".

Aste Santuko jai egunetan Turismo Bulegotik pasatu den bisitari kopurua igo egin da 2019an pasatutakoekin alderatuz (iaz, 2020an, Aste Santuan ez zen Turismo Bulegoa ireki, COVID19ak eragindako etxeratzea zela eta).

COVID19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bisitariek bakarrik etorri ahal izan dute Oiartzunera. Horien artean, ia erdiak (%49,4) bizkaitarrak izan dira.

Bisitariek gehien eskatu duten herriko planoa eta herrian zer ikusi galdetu dute. Batez ere, mendiko turismoak erakarrita etorri omen dira gure herrira. Otorduetan, ostalaritzako establezimenduen okupazioa ere positiboa izan da. 

Bigarren astea, COVID19aren eremu gorrian sartu izanak baldintzatuta

Bigarren astean, aldiz, bisitarien kopurua asko gutxitu da. Izan ere, Oiartzun COVID19aren eremu gorrian sartu zen pasa den asteartean eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren araudia jarraituz, itxiera perimetralean gaude (bihar arte momentuz; datuak ez badira hobetzen eremu gorrian jarraituko dugu).

Ondorioz, besteak beste, aurreko larunbaterako antolatua zegoen Arditurriko Tren Berdea bertan behera geratu zen.

Aurrerantzean, apirileko eta maiatzeko asteazkenetan San Esteban eliza ezagutzeko bisita gidatuak izango dira, Joxe Mari Mitxelenarekin. Aldez aurretik tokia erreserbatzea derrigorrezkoa izango da turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.

 

Gehigarriak

Turismo Bulegoak jaso dituen bisitari kopurua hazi egin da Aste Santuko egunetan