Oiartzungo ondarearekin lotutako bi liburu argitaratu dituzte Antton Kazabonek eta Jokin Mitxelenak

Xabier Lete eta Artikutzako trena dituzte protagonista

Oiartzungo kultura eta ondarean oinarritutako haurrentzako bi liburu argitaratu berri dituzte Antton Kazabon idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak Denonartean argitaletxearekin: Xabier Lete ttiki eta Burnizko potoa. Gaur, herrian aurkeztu dituzte biak Kazabonek berak, Iosune Cousillas Kultura zinegotziak eta Anton Mendizabalek.

Xabier Lete ttiki Leteren biografia kontatzen duen album ilustratua da. Iaz, Euskal Herriko kulturgintzako pertsonaia esanguratsuen bizitzak haurrei kontatzeko zikloa hasi zuen Kazabonek Benito Lertxundi naiz albumarekin eta hau segida da. Atzo, Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako LH 2. mailako ikasleekin liburu honen ipuin kontaketa saioak egin zituen Kazabonek berak, Udalak eta Ondare Mahaiak antolatutako Ondarearen Jardunaldien baitan. 

Burnizko potoa, berriz, Artikutzako trenari buruzko komikia da. Anton Mendizabalek egindako proposamenetik abiatuta gorpuztu dute proiektua Kazabonek eta Mitxelenak. Ia bi urteko lana izan da eta 1905-1908 artean Goizuetako Elamatik eta Errenteriara ibiltzen zen trenaren historia kontatzen dute, haur batek kontatutako istorioaren bidez. Mendizabalek berak zuzendu du lana.

Oiartzungo Udalak 2017an argitaratu zuen Artikutzako trena Mugarriaren segida gisa ulertu daiteke Burnizko potoa, "haurrentzako erakargarri" bihurtuta. Mitxelenaren ilustrazioak trenaren eta parajeen garaiko "irudi fidela" direla ere azpimarratu dute. 

Herriko ondarearen transmisioa egiteko baliabide ederra da haur literatura. Horregatik, Udalak bi liburu hauen ale batzuk erosi ditu, herriko ikastetxeetan eta haurren artean banatzeko. Cousillas Kultura zinegotziaren arabera, "interesgarria da ipuinen bidez herriko kultura eta ondarea balorean jarri eta tranmisio lana egitea".

Gehigarriak

Oiartzungo ondarearekin lotutako bi liburu argitaratu dituzte Antton Kazabonek eta Jokin Mitxelenak